Barrexerka, euskal irrien atzetik
Euskal umoreari bide berri bat irekitzeko asmoz, hamar gaztek Barrexerka sortu dute, esketxak eta zuzenekoa batzen dituen egitasmoa. Has dadila ikuskizuna!

Protagonismo gutxiago izan arren, bada euskaratik eta euskal klixeetan oinarrituriko produkzioetatik urrun umorea beste era batera sortu eta zabaldu nahi duen artista eta komiko ugari. Donostiak baditu bereak, eta talentua eta etengabeko lanaren arteko konbinazioari esker, hauetariko batzuk badoaz, pixkanaka bada ere, umorearen panoraman ernetzen. Horren adibide da Barrexerka, bederatzi gazte donostiarrek eta markinar batek sorturiko proiektu umoretsu eta berritzailea.
Ikus-entzunezko esketxak eta zuzeneko antzerkia uztartzen dituen ekitaldi gisa definitzen dute bere sortzaileek. Peru Ansorena, Nerea Aranburu, Graxi Arregi, Amaia Iraundegi, Mikel Irazusta, Garazi Mitxelena, Paul Murua, Maddi Olazagoitia, Amaia Rojo eta Maialen Sorzabalberek osatzen dute Barrexerka. Bi kideri oturiko ideia ahoz aho zabalduz lortu zuten taldea osatzea, Mikel Irazustak azaldu duen bezala: “Jende bihurria bildu nahi genuen, eta animatzen joan zirenek lagun gehiagori pasa zieten deia. Azkenean, oso gogotsu dabilen taldea osatu dugu denon artean”.
Otsailetik aurrera hasi ziren lanean, proiektua definitu eta forma ematen joateko. Formatuari dagokionez, apustu berezia egin dute: “50 minutuko antzerki emanaldia egiten dugu, oholtza gaineko pantailan esketx motz piloa tartekatzen ditugun bitartean”, Maialen Sorzabalbereren hitzetan. Amerikako Estatu Batuetako Saturday Night Life eta bertako Herri Txiki, Infernu Handi programen formatuak hartu dituzte eredu gisa, “antzerkia eta bideoa tartekatzeak monotonia apurtzen laguntzen duelako”. Barrexerkaren ardatza, ordea, oholtza gaineko zuzeneko emanaldia dela diote bere kideek, jendez inguraturik daudenean ikusleek barre gehiago egiten dutela garbi dutelako.
Edukiei dagokionez, estilo propioa dute ere. Barrexerkak «zentzurik gabeko umore sinplea» egiten duela dio Irazustak, eta hitzekin jolasteko ohitura handia dutela aitortzen du. Formula horren arrakasta probatzeko aukera izan zuten maiatzean, Donostiako Udalaren gazteria sailak antolaturiko antzerki topaketei esker. Hain zuzen, jendez beteriko areto batean egin zuten euren lehen emanaldia, Antiguako Lugaritz kultur etxean. Saioaren amaieran, jendea hurrengo emanaldiarengatik galdezka hurbildu zitzaiela azaldu du Sorzabalberek:?”Oso harrera ona izan zuen, ez genuen halakorik espero”.
Gainera, lehen emanaldi horretarako gonbidatu berezi baten laguntza jaso zuten:?Xabier Madariaga kazetari eta aurkezlearena. Barrexerkak eduki zezakeen gonbidaturik onena izan zela azpimarratu du Irazustak:?”Berriemaile gisa eta Ur Handitan programan jarrera serioarekin ikusi dugu beti, eta bere erregistrotik kanpo egotean inpaktu handia sortu zuen ikusleengan. Umorea ere egiteko lotsarik falta ez zaiola garbi utzi zigun Xabierrek”.
Formula berrien bila
Ohikoak ez diren formulak probatuz, bide berri eta desberdinetara bideratu nahi izan dute taldekideek Barrexerkaren proiektua. Izan ere, euskal umorean “hutsune handia” dagoela dio Sorzabalberek, batez ere gazteentzako umoreari dagokionez:?”Panorama nahiko pattal dagoela esango nuke”. Irazustak, berriz, ETB1eko Wazemank telesaioaz geroztik euskal gazteak barrezka jartzeko formularekin berriro asmatu ez dela uste du:?”Produktu falta horretan ikusi dugu gure aukera”.
Euskarazko umoretik ikusleei barrea eragiteko modua topatzeko erronka jarri dute, hortaz, hamar gazte hauek. Hortik datorkie, hain zuzen, Barrexerka izena: “Ipar Euskal Herriko hizkeran, xerka hitzak bila esan nahi du, eta hala gabiltza gu, euskaldunen irrien atzetik”.
Bide horretan gogor dabiltza lanean taldekideak, urrian aurkeztu nahi duten emanaldia prestatzen. Euren asmoa bi hilabetero saio berri bat eskaintzea dela azaldu du Sorzabalbererek: “Aldiro emanaldi desberdin bat egingo dugu, bakoitzerako gonbidatu berri batekin”. Datorrenaren inguruko xehetasunak, ordea, eurentzat gordetzea nahiago dute, laster sorpresaz beteriko emanaldia aurkeztu ahal izateko. Bitartean, pazientzia gutxi duten horientzat, maiatzean eskainitako lehen saioa sareetara igo berri dute, etxetik bada ere, euren umoreak irri gehiago eragiten jarrai dezan.