Eneko Goia, Markel Olano, Arkaitz Orbegozo eta Imanol Andonegui, Zentral Bateratuan. (Argazkia: Donostiako Udala)
Abian da jada Garberako udal suhiltzaile etxean kokatu duten Gipuzkoako Larrialdiak Koordinatzeko Zentral Bateratua. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko abuztuan sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioa da bateratze hau, izan ere, orain arte erakunde bakoitzak bere suhiltzaile zentral propioa zuen.
Proiektuak 579.107,26 euroko kostua izan du guztira, eta lanak Foru Aldundiak ordaindu ditu. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Markel Olano diputatu nagusiak, osteguneko inaugurazioan nabarmendu zutenez, “aldaketa honi esker suhiltzaile zerbitzuen arteko koordinazio lanak erraztuko dira, eta horrela, indartu eta hobetu egingo dira, larrialdietan, baliabide operatiboak koordinatzeko eta kudeatzeko lanak eta baita informazioa bildu, komunikatu eta erregistratzeko lanak”.
Garberako udal suhiltzaileen eraikina moldatzeko lanetan, sistema guztietan “kalitatearen eta berrikuntzaren aldeko apustu garbia” egin dutela baieztatu zuten politikariek, eraikuntzarekin lotutako alderdietan, zein informatikako, komunikazioko eta larrialdien kudeaketako alderdietan.
Joan den ekainaren 13an, Gipuzkoa Babestu 20-30 plan estrategikoa aurkeztu zuten Batzar Nagusietan, eta indar politiko guztien ekarpenak kontuan hartuta, Aldundiaren hurrengo Diputatuen Kontseiluan onartuko dela jakinarazi zuten. Plan honen bitartez, lurraldeko bi suhiltzaile zerbitzuen etorkizuneko “bateratze operatiboa” antolatzea aurreikusten da, eta politikariek aurreratutakoaren arabera, bi eremu operatibo sortzea aurreikusten da: Ekialde eta Mendebalde.