Kearen unibertsitatea
‘Kearen unibertsitatea’ deitzen zioten Tabacalera zaharrari, fabrikaren txokoetan pilatzen zen jakinduriagatik. Ez ohiko unibertsitate honen memoria biltzen ari dira Kearen Artxibogileak.
Zigarro fabrikako sotoan egiten zituzten lehen lanak Tabacalerara iristen ziren langileek; bertara iristen ziren Caceres, Brasil eta Santo Domingotik ekartzen zituzten tabako hostoak eta hauek nahastea zen iritsi berrien lana, makina erraldoi batzuk erabilita.
Azken bi urteetan ere, Tabakalerako sotoa izan dute lanerako gune nagusia Kearen artxibogileek. Tabacalera zaharreko eta Tabakalera berriko hainbat langilek osatutako taldea da Kearen artxibogileak, eta 2016ko irailetik hona, hilabetero bildu dira, zigarro fabrikaren memoria eraikitzeko asmoz.
1913an ireki zuten eraikina, tabako-fabrika gisa, eta goreneko sasoia lehen urteetan izan zuen, ia 1.000 langilerekin. 2002ko abenduaren 20an itxi zen fabrika behin betiko, eta 2015eko irailean iriki zituen berriz ateak Tabakalerak, guztiz eraldatuta eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakatuta.
Tabako fabrikako langile gehienak emakumezkoak ziren, eta Kearen Artxibogileak proiektua garatzen ari den taldeko partaideak ere emakumezkoak dira. Zigarrogile ohiak dira Lupe Luengo, Pili Jauregi, Susi Nestar eta Maite Sorozabal; Ana Revuelta eta Leire San Martin, aldiz, Tabakalera berriko hezkuntza arloko langileak dira. Taldearen izen bera daraman erakusketa, uztailaren 6an inauguratu zen, baina proiektuaren zati bat besterik ez da jendaurrean erakusteko prestatutako egitasmo hau.
Lehen pausoak
Leire San Martin Tabakalerako hezkuntza arloko arduradunak azaldutakoaren arabera, fabrikako langile ohiek eta egungo langileek osatutako taldeak 2013-2014 ikasturtean dauka jatorria; eraikin berriaren birmoldaketa lanak egiten ari ziren bitartean, hezkuntza arlokoak lanean ari ziren jada, eta Ane Rodriguezek, Tabakalerako kultura zuzendariak, tabako fabrikaren historiari buruzko proiektu bat garatzera gonbidatu zituen.
Proiektuaren hastapenetan, Marion Cruza eta Pablo Marte artistekin batera, Tabacaleraren iraganari buruz ikertzen hasi ziren hezkuntza arlokoak, eta orduan hasi zuten langile ohiekin harremana. «Egun batean, fabrikako langile ohia den Susik deitu zidan eta berak kontatu zidan, oraindik ere, hilabetero bazkaltzeko gelditzen direla Tabacalerako hainbat langile ohi», azaldu du San Martinek.
Beraiekin biltzen hasi ziren, eta Cruza eta Marterekin batera, Mañana Goodbye izeneko pelikula sortu zuten. Hainbat atal dituen filma da, eta lehena, Tabakalera inauguratu zen egunean proiektatu zuten. San Martinen arabera, «hainbat gai gurutzatzen dira pelikulan, esaterako, Tabacaleraren historia eta memoria, lanaren kontzeptua, eta fabrika bat izatetik, kultur zentro izateko trantsizioan gertatutako gauzen analisia». Gaur egun, erakusketaren aretoan dagoen telebista batean ikus daiteke pelikula osoa.
San Martinek azaldu duenez, pelikulak ez zion guztiz erantzuten zituzten desirei, eta zigarrogileek eta Tabakalerako langileek egiten zituzten topaketa horietan ateratako testigantza eta oroitzapen guztiak nolabait antolatzeko beharra sortu zitzaien. Momentu horretatik aurrera, Kearen Artxibogileak erakusketa sortzeko prozesua hasi zen.
Zigarrogileak etxean gordeta zituzten materialak eramaten hasi ziren sotoan egiten zituzten hilabeteroko topaketetara, eta horiek dira erakusketaren oinarria. Ana Revuelta Tabakalerako hezkuntza arloko hezitzailearen arabera, «etxean gordetako materialak, bat- batean plaza publikora pasa dira, eta hori oso ariketa interesgarria da». «Etxean denbora luzez gordetako materialez betetako poltsak ekartzen zituzten saioetara, argazkiak, soldata orriak, tabako kutxetan idatzitako errezetak, lanerako arropak, eta abar», azaldu du San Martinek.
Horretaz gain, saio horietan, zigarrogileek euren oroitzapenak eta kontakizunak azaltzen zituzten, eta materiala eta informazioa pilatu ahala, hori guztia antolatzeko beharra sortu zitzaien.
Momentu horretan, Sahatsa Jauregi artistarekin jarri ziren harremanetan, eta berak proposatu zizkien materiala antolatzeko modua, eta espazioa egituratzeko irizpideak: «Sahatsa iritsi zenean, materiala fisikoki 10 paneletan antolatzen hasteko proposamena egin zigun, erakusketari forma ematen hasteko, eta horri eutsiz, zortzi gai identifikatu genituen, horien baitan materiala sailkatzeko».
Kearen artxibogileak erakusketa, proiektu zabalago baten emaitzetako bat da, baina erakusketa osatzen duten material guztien inguruan sortutako ekitaldiei eta erabili duten metodologiari ematen dio garrantzia Revueltak. «Honaino nola iritsi garen ikustea da interesgarriena guretzat, eta ez bakarrik erakusketan dagoena», azaldu du hezitzaileak.
Artxibo kolektiboa
Tabacalerako langile ohiak, zigarrogileak izatetik, tabako fabrikaren memoriaren artxibozainak izatera pasa dira, denen artean sortu duten artxiboari esker. «Artxibo kolektiboa sortu dugula esaten dugu, sortu duguna ez dugulako aditu baten ezagutzatik egin, denon artean baizik», dio Revueltak. Pertsona guztientzat irisgarria den artxiboa eraiki dute, eta erdigunean jarri dituzte artxiboa sortzen ibili direnen ezagutzak, gaitasunak eta nahiak. San Martinen ustez, «desberdina da ikerlarientzat pentsatutako artxibo bat, edukira iristeko ezagutza altua eskatzen duena, edo zentzu guztietan irisgarria den artxibo bat».
Proiektu honen helburuetako bat, Tabacaleraren memoria jasotzea da, eta Revueltaren arabera, «artxiboaren izaerak –atsegina, gertukoa eta irekia– memoriaren kontakizuna denen artean eraikitzea ahalbidetzen du». Erakusketa osatzen duten materialak, imanen bidez daude kokatuta paneletan, erakusketa bisitatzen dutenek ere, materiala nahi moduan antolatu ahal izateko. «Artxiboaren esanahia, erabilerak berak ematen dio, eta horregatik, artxibo malgua eraiki nahi izan dugu», azaldu du hezitzaileak.
Historiaren erpinak
Kearen artxibogileek argi dute historia ez dela zerbait zurruna, eta izikina eta prisma desberdinak dituen zerbait izanik, «atentzioa jarri dugu normalean historia ofizialetik kanpo gelditzen den horretan», baieztatu du San Martinek. Bildutako materialak paper garrantzitsua jokatzen du erakusketan, baina interes berezia jarri dute beste alderdi batzuetan, esaterako, langileen arteko harremanetan, sortzen ziren gatazketan, elkarren arteko zaintzetan, elkartasunean, eta abar.
«Interesgarria da oraina eta iraganaren arteko harremana, eta garai batean Tabacaleran gertatzen zen bezala, proiektu honetan ere taldearen laguntzarekin eraiki dugu guztia, bakarrik ez genuke ezer egingo», aitortu du Sorozabalek. Taldea osatzen duten bi belaunaldiek fabrika zaharraren eraikina izan dute lantokitzat, baina espazio fisikotik harago, hainbat faktore partekatzen dutela gaineratu dute artxibogileek, esaterako, emakumeen artean eratzen zituzten elkartasun eta babes sareak, eta laguntasuna eta maitasuna lanaren erdigunean jartzea. «Fabrika osoan sortzen genituen babes sareak, baina emakumeen artean antolatzeko behar handiagoa geneukan, edozein gertakariren aurrean, goikoek gizonei ematen zietelako arrazoia beti», azaldu du Jauregik.
Revueltak elementu horiek publiko egiteko garrantzia nabarmendu du: «perspektiba feministak proiektua zeharkatzen duenez, badakigu historia beste ikuspegi batzuetatik begiratzeak daukan garrantzia, eta zigarrogileek fabrikari buruz nola hitz egiten duten ikustea ezinbestekoa iruditzen zait. Kontakizun asko galdu dira historian zehar ikuspegi anitzak ez direlako kontuan hartu».
Familia bat
Zigarrogileek astelehenetik larunbatera egiten zuten lan, goizeko txandan 06:00etatik 14:00etara eta arratsaldekoan 14:00etatik 22:00etara. Maitasun handiz hitz egiten dute langile ohiek fabrikan bizitako urteei buruz, laneko eremua familiako eremuaren jarraipena izaten baitzen askotan. «Maitasun handia sentitzen dugu espazio honekiko, bertan pasa ditugulako gure bizitzako urte asko, eta baita kideengatik, gure artean sortzen genituen elkartasun eta maitasun loturak oso indartsuak izan direlako», azaldu du Luengok.
Tabako fabrikako langile gehienak emakumezkoak ziren, eta lan postuen artean hierarkia nabaria zela azaldu dute zigarrogileek: «makinetako langile guztiak emakumeak ginen, baina mekanikariak gizonezkoak ziren, eta beraiek agintzen zuten arduradun nagusiek baino gehiago». Era berean, adin bereko langileen artean edo makina berdinean lana egiten zutenen arteko harremanak estuagoak zirela azaldu dute, eta gaur egun, harremana mantentzen dutela gaineratu dute. Jauregik honela azaldu du: «nire kasuan familia bat baino hobea izan da nire lan taldea; talde trinkoa osatu genuen eta gaur egun berdin jarraitzen du».
Langile borroka
Lanean denbora luzea ematen zuten arren, aisiak eta aldarrikapenek ere presentzia zuten Tabacalera barruan. Estatuko beste tabako fabrika batzuekin batera, kirol txapelketak antolatzen zituzten, esaterako. Gainera, politikoki eta sozialki garai nahasiak izanik, langile borrokak ere paper garrantzitsua zuen fabrikan. «Zerbait gertatzen zenean, fabrikako bodegan elkartzen ginen goizean goiz, eta denon artean erabakitzen genuen zer egin. Greba asko egiten ziren garai haietan», azaldu du Sorozabalek.
Nestarrek azaldu du fabrika barruan ere bazituztela borroka sindikalak, hitzarmenak lortzeko, adibidez. Luengo, umorez, kexu da gaur egungo Tabakaleran erretzea galarazten duen arauaz, eta harro azaltzen du nola borrokatu zen emakumeek lan guneetan erretzeko aukera izan zezaten:?«hasieran gizonek bakarrik erre zezaketen fabrika barruan, eta azkenean guk ere erretzeko eskubidea lortu genuen».
Epe luzerako proiektua
Irailetik aurrera, Tabacalerako langile ohiek eta egungo Tabakalerako langileek biltzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute, «memoria eraikitzen jarraitzeko». Gainera, Tabacalerako memoria modu kolektiboan osatzen jarraitzeko, hiriko beste eragile batzuekin batera, fabrikako beste langile ohi batzuekin batera, auzoko beste bizilagun batzuekin batera edota ariketa honetan parte hartzeko gogoa duen edozeinekin batera lanean jarraitzea interesgarria iruditzen zaie.
Nestarrek azaldutakoaren arabera, «jendeak pentsatuko zuenaren beldur ginen, baina kezka hori gainditu dugu prozesuan zehar, eta orain jendea gonbidatu nahi dugu gurekin memoria eraikitzen jarraitzera. Garrantzitsua da datozenentzat seinale bat uztea». Era berean, Luengok adierazi du «ziur» dagoela Tabacalera zaharrarekin harremana izan zuten askok, material interesgarriak dituztela bere etxean oraindik: «jendeak gauzak ekartzen jarraitzea gustatuko litzaidake».