Erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute igandeko estropadetan

Errausketaren Aurkako Mugimenduak gaur goizean egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua)
- Erraustegia gelditu, ez delako beharrezkoa. 2017an Gipuzkoan 150 000 tona errefus sortu ziren eta, agintariek diotenez, joera gero eta gehiago birziklatzearena da: 2020-2022an %70era helduko garela esan dute uztailean. Gogoratu erraustegia urtean 200 000 tona zabor erretzeko diseinatuta dagoela. Gipuzkoako 89 herritatik 60k hondakinen %70a baino gehiago birziklatzen dute jadanik, eta urtean pertsonako 100 kilo errefus baino gutxiago sortzen dituzte. Gipuzkoako herri handienak maila honetara heltzen direnean, eta horretarako borondate politikoa besterik ez da behar, urtean 70 000 tona baino gutxiago sortuko dira. Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio jaunak: Nondik ekarriko ditu, nondik osatuko ditu Urbaser enpresa txinatarrak 200 000 tonako labeak betetzeko faltako zaizkion bi herenak?
- Erraustegia gelditu, geratzen diren errefus tonak tratatzeko (kasurik okerrenean erraustegiak sortuko dituen zepa eta errauts toxikoen parekoa) badagoelako alternatiba merkeago eta osasuntsuagoa, aurreko legealdian mahai gainean jarri zena: inertizazioa, konpostatzearen antzeko prozesu baten bidez.
- Erraustegia gelditu, pertsonen osasunerako larriki kaltegarria izan daitekeelako, mundu osoko ikerketetan agertzen den moduan eta Gipuzkoako sendagile askok behin eta berriz salatu duten moduan: minbizi desberdinak, malformazioak, etab.
- Erraustegia gelditu, Gipuzkoan aldaketa klimatikoa sortzen duten gasen igorle nagusia izango delako. Erraustegiaren tximiniatik, sustantzia oso toxikoez gain, CO2 eta nitrogeno oxido kantitate oso handiak atmosferara botako dira eta hau ez du inork zalantzan jartzen, ezta errausketa defendatzen dutenek ere.
- Erraustegia gelditu, bere eraikuntza eta funtzionamendua oso garestiak direlako, 1000 milioi euro baino gehiago, gipuzkoarron poltsikotik ustelkeri kasutan nahastutako multinazional baten eskuetara joango direnak. Azken batean gure diruz gure osasuna eta ingurumena kaltetzeko tresna ikaragarria egin nahi dute. Interes izkuturik ez ote dago hau bultzatzen duten politikarien aldetik? Ustelkeria Espainiako arazoa bakarrik ote da? %3ko komisioa Kataluniara mugatu al zen?