Intxaurrondoko tamaina handiko hondakinen doako bilketa urtebete luzatu dute
Tamaina handiko hondakinak etxez etxe jasotzen hasi ziren Intxaurrondon, pasa den urrian. Esperientziaren balorazio ona egin du Alfonso Gurpegi Donostiako Udaleko Gune Publikoetako zinegotziak: “Datuek erakusten dute tamaina handiko hondakinak etxez etxe biltzeak berrerabiltzea eta birziklatzea areagotzen dituela”. Horrela, doako bilketa urtebete luzatu du udal gobernuak.
Ia urtebetean 115.132 kg jaso dituzte, 43.204 kg berrerabili dira eta 13.836 kg birziklatu. Era berean, 952 dei jaso dituzte etxebizitzetatik tamaina handiko hondakinak kentzeko eskatzeko. Kalean utzitako hondakinei dagokienez, 165.479 kg jaso dituzte, eta horietatik 85 kg baino ez dira berrerabili eta 2.524 kg birziklatu. “Hondakinak kalean uzten badira, lortzen den gauza bakarra da baztertutako materialaren portzentajeak handitzea”, azpimarratu du Gurpegik.
Zerbitzua eskatzeko, 943 845 033 telefonora deitu behar da edo mezu elektroniko bat bidali: intxaurrondo@emausnet.org