Loiolako kuartela lekuz aldatzeko negoziaketak bere horretan jarraitzen du
Zubietara lekualdatzeko aukera mahai-gainean jarri du Goiak. “Leku alternatiboak bilatzea beharrezkoa bada Espainiako Gobernuak lursail handia dauka dagoeneko Eskuzaitzetako industriagunean, Armadaren egungo instalazioak bertan eraikitzeko aukera ugari eskaintzen duena gainera”, esan du Goiak.
Eneko Goia alkatea Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarekin bildu da Madrilen, Loiolako kuartelen etorkizunari buruz hitz egiteko. Kuartelen negoziaketa ahalik eta azkarren hastea beharrezkoa dela adierazi dio Goiak Roblesi. Ordea, ministerioaren jarrerarekin pixka bat etsita geratu dela onartu du alkateak.
Lehen aldia da Defentsa ministro batek Donostiako alkatearekin bilera egiten duela. Udalaren aspaldiko helburua Espainiako armadak Donostian dituen instalazioak utzi eta hiriaren eskuetara pasatzea dela azpimarratu dio Goiak Roblesi. “Beharrezkoa da Urumea ibarretik barrena aurreikusita dagoen garapen urbanistikoa gauzatu dadin”.
Negozkiaketak bere horretan jarraitu arren, bi aldeek adostu dute azaroa bukaeran beste bilera bat egitea. Ordurako, Defentsa Ministerioak kuartel berri baten eraikuntzak izango dituen kostuen ikerketa eramango du. “Kuartelak lekuz aldatzeko borondate politikoa beharrezkoa da”, esan du Goiak.
Zubietako aukera
Loiolako lursailek izan dezaketen garapen urbanistiko ezberdinak aztertzen dituztenak txostenak partekatu ditu alkateak ministroarekin, lur horien etorkizuneko aukerak ikusteko helburuz.