'Inor ez da ilegala' jaialdia egingo dute, migratzaileei elkartasuna adierazteko
Hirian iritsitako migratzaileei laguntza eskaintzeko asmoz, Txantxarreka gaztetxeak eta Doka antzokiak Inor ez da ilegala elkartasun jaialdia antolatu dute datorren ostegunerako, hainbat artista ezagunen kolaborazioarekin. Hala nola, Izaro, Olatz Salvador, Iker Lauroba eta Leire Letu, Gorka Urbizu, Anari, eta Zea Mayseko Aiora eta Pitiren emanaldiez gozatu ahal izango dute bertara gerturatuko direnek. Ane Labaka eta Gaztelumendi anaiak bertsotan ibiliko dira ere bertan, eta gaztetxeko kideen eta migratzaileen artean sorturiko The TxantxAfrika’s taldea oholtza gainean arituko da baita.
Sarrerak hamar eurotan egongo dira salgai, Dokan eta Platero eta Trikuharri tabernetan. Bildutako diru guztia migratzaileen beharrei erantzuteko erabiliko dute, eta neguko arropak eramateko deialdia zabaldu dute ere antolatzaileek. Lehen kontzertua 20:00etan hasiko da.