(Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udaltzaingoak haurrak identifikatzeko eskumuturreko gehiago eskuragarri jarriko ditu. 1.000 eskumuturreko banatu dituzte uztailaren 19tik aurrera, Donostiako Udaletxean, Morlansko Udaltzaingoaren egoitzan, Bulebarrean eta Zurriolako unitate mugikorrean. Agortu zirenez eta eskaria dagoenez, Udaltzaingoak beste banaketa sorta prestatu du.
Iaz, 72 haur galdu ziren Donostian zehar. Hori ez gertatzeko, Udaltzaingoak, prebentzio gisa, eskumuturrekoen sistema hirian abian jartzea erabaki zuen. Helburua da umeren bat galtzen bada, azkar identifikatzea eta familiarekin edo tutoreekin berehala harremanetan jartzea.
Eskumuturreko hauek 18 urtez beherakoentzako dira eta haurraren izen-abizenak eta gurasoen edo pertsona identifikatzailearen telefono mugikorreko zenbakia jartzeko aukera dute.
Doakoak izango dira eta ekitaldi bereziren bat dagoenean eskuratu ahal izango dira udaletxean, Morlansko Udaltzaingoaren egoitzan, Zurriolako unitate mugikorrean eta Bulebarrean jartzen den unitate mugikorrean.