Herri txikian gazteak adi
25geltokia.eus’ webgunearen bidez.
Ezustean harrapatu zituzten herritarrak Añorgako festetan. Sorpresa jaialdirako zerbait desberdina egitea erabaki zuten hainbat gaztek: telebista saio bat. ETBko Herri txiki, Infernu handi programan oinarrituta Herri txiki Añorga saioa prestatu zuten. Uztailaren 12an estreinatu zuten herritarren aurrean, eta harrera oso ona izan zuen.
Urtean zehar Añorgan gertaturikoaren parodia egin izan dute festetako jaialdian. Aurten aldaketa bat behar zutela ikusi zuten. Umorezko telebista saio bat egitea erabaki, eta bederatzi gazte elkartu ziren aurrera eramateko: Jon Altuna, Maddalen Gartziandia, Iñaki Gartziandia, Xabier Matxain, Unai Galatas, Fermin Benegas, Gaizka Manterola, Ander Eraunzetamurgil eta Mattin Matxain.
«Azken bi urteetan antzerkiak ez du funtzionatu, gazteak ez zeudelako prest eta lan karga handia zelako. Formatua aldatu eta telebista saioa egitea erabaki genuen», dio Iñaki Gartziandiak. Ez zen erraza izan dena antolatzea, denbora gutxi izan zutelako dena grabatu, editatu eta prest uzteko. «Ekaina hasieran hasi ginen eta denbora gutxi genuen dena egiteko. Hilabeteko kontua izan zen. Gainera, gidoia azken bi egunetan bukatu genuen», esan du Xabier Matxainek.
Hiru aurkezle ditu Herri Txiki Añorga saioak; Matxain anaiak eta Benegas. Ideia ETBko programatik abiatu arren, Añorgakoa desberdina da. «Zaila egin zitzaigun Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren rolak egitea. Elkarrizketatu askok ezagutzen gintuzten», azaldu du Gartziandiak. Hiru aurkezleak elkartzea lortu ez arren, bakoitzak bere bidea egin zuen añorgatarren testigantzak jasotzeko.
Anekdota ugari
Baliabide gutxirekin eta herri giroan egindako programa izanik, anekdota zerrenda luzea dute kontatzeko. «Joni Vangenebergen etxean ordubeteko elkarrizketa grabatu ondoren konturatu ginen mikroak itzalita zeudela. Berriz grabatu behar izan genuen», esan du Gartziandiak. Aldiz, izandako pasarte umoretsu bat gogoratu du Xabier Matxainek: «Ezezagunarena egitea tokatu zitzaidan, baina Pepik ezagutzen ninduen. ‘Zenbat hazi zaren, eta argaldu egin al zara?’, hasi zitzaidan galdezka».
Aipaturiko protagonistekin batera, Miguel Manterola ogi banatzailearen pasartea da gehien zabaldu dena, eta egileei gehien gustatzen zaiena. «Han eta hemen ikusi dutela badakigu. Aurreko batean bere emaztea etorri zitzaigun esanez senarra famatua egin dugula», esan du Jon Altunak.
Aurtengo esperientziaren ondoren ez dute baztertzen hurrengo urteko festetarako bigarren atal bat egitea. «Gazteei gustatu zaie proposamena, eta horrelako gauza bat egitera animatuko dira», azpimarratu du Benegasek. Hurrengo urteko uztailera arte itxaron beharko da saioak jarraipenik duen edo ez jakiteko. Bitartean, ordu eta hogei minutu inguruko programa zatika igotzen ari dira 25 Geltokiaren webgunera.
Añorgako festetako sorpresa jaialdian telebista saio berezi bat aurkeztu zuten. Harrera ona izan zuen herritarren artean, eta orain, zatika igotzen ari dira sarera ‘