(Argazkia: AI DO PROJECT)
Iker Arrue: dantzaria.
Dantza garaikidearen eta musikaren bidez, alzheimerraren eragina atzeratzea du helburu Iker Arruek; erakustaldi irekia egingo dute Antzoki Zaharrean, irailaren 12an, 19:00etan.
Arkitektura ikasi arren, dantzaren munduan sartzeko aukera izan zuen Iker Arruek (Donostia, 1977). Madril eta Ingalaterran ibili ostean, Ai do Project sortu zuen 2009an Eusko Jaurlaritzaren laguntzen bidez. Ekoizpenak eta gizarte proiektuak sortzen dituzte. Horien artean, 2013an abiatu zuten Invisible Beauty (Edertasun Ikusezina), Afagi elkartearekin batera, alzheimerra duten senitartekoen Gipuzkoako elkartea.
Nola bururatu zitzaizun halako proiektu bat abiatzea?
Behar pertsonal bat da ideiaren jatorria. Nire aitak alzheimerra du, eta egoera zail horren aurrean, hausnarketa egin nuen zerbait ona ateratzeko. Aita estimulatzen saiatzen nintzen, oraindik egin zitzakeen gauzak mantentzeko. Afagi elkartea ezagutu genuen, eta zuzendariei proposatu nien ea aitarekin egiten nituen ariketak zabaldu nitzakeen gaixo gehiagorengana. Hortik jaio zen proiektua pixkanaka.
Zer egiten duzue zehazki?
Afagik programa bat du, gaixotasunaren eragina atzeratzeko helburuarekin. Frogatu dute lauzpabost urtez atzeratu daitezkeela eraginak, eta gure saioak hor sartzen ditugu. Mugimendu egokienak aukeratzen ditugu, eta zazpi bat saio egiten ditugu urtean. Saiatzen gara hilabetean behin saio bat egiten, jarraikortasuna lortzeko. Dantza ekoizpen txikiak eskaintzen dizkiegu, eta zati praktikoagoan, ariketak egiten ditugu, musikarekin. Gaixoekin aritzeaz gain, Afagiko adituei informazioa ematen diegu, eta jasotakoa integratzen dute Afagiren asteroko saioetan.
Antzoki Zaharrean erakustaldia egingo duzue, zer topatuko dute bertaratzen direnek?
Saio itxiak egin izan ditugu orain arte, baina orain, sartu dira kolaboratzaile berriak: Dantzagunea, Musikene Ikastegia, Kutxa Fundazioa, eta Donostia Kultura. Bultzadari esker topaketa irekiak antolatu ditugu, eta aukera eman digute lana publikoki aurkezteko. Askotan galdetu izan digute ea ikustera etor zitezkeen, eta erabaki genuen momentua zela aurkezpen ireki bat egiteko. Koreografia txiki batzuk eskainiko ditugu antzokian, eta lau boluntariorekin ere erakutsiko dugu gaixoekin egiten duguna. Iñaki Alforjaren dokumentala ere estreinatuko dugu.
Zer eman dizu pertsonalki?
Asko ukitzen nau, eta nahiko asebetetzen nau. Gaixoengan onuragarria dela ikusi dugu, eta lortzen dugu emozionalki gaixoak kizikatzea. Gertaera edo ezaugarri bat sakonago gordetzen dugu sentimendu batekin lotzen badugu. Sortzen dugun markoan, lortzen dugu estimulazioa. Gaixoek ezagutzen naute, eta hori harrigarria izan da, eta pixkanaka gainontzeko dantzariak eta musikariak ezagutzen ari dira.