Donostiarrek azaroko herri galdeketako galdera bozkatu dute Irutxuloko Hitzaren webgunean
Gure Esku Dagok antolaturiko herri galdeketa iritsi aurretik, azaroaren 18an egingo zaien galdera bide desberdinen bitartez erabakitzeko aukera izan dute donostiarrek, aurreko ostirala arte. Hain zuzen, herritarrek Donostia Galdeketaren egoitzan zein webgunean, herriko festetako txoznetan eta IRUTXULOKO HITZAren atarian lau galderen artean euren hautua egiteko aukera izan dute.
Guztira, 833 pertsonak eman dute euren iritzia tokiko hedabidearen webgunean, eta hauek izan dira jasotako emaitzak:
1. Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea? %49 (408 boto)
2. Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi al duzu? %35 (290 boto)
3. Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? %8 (70 boto)
4. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? %8 (65 boto)
Donostia Galdeketaren Adosguneak gainontzeko plataformetan bildutako datuak jaso eta azaroan egingo den galdera zein izango den ondorioztatuko du orain. Emaitza irailaren 19an emango dute ezagutzera.