Saretuzek Erdialdean egindako jarduera bat. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Saretuz sareak VII. Jardunaldiak egingo ditu asteburu honetan. Cristina Enea Ingurumen Baliabideen zentroan izango dira eta zaintzek kontsumo arduratsuarekin duten harremana aztertzea izango da helburu nagusia.
Jardunaldiak ostiralean, irailaren 14ean, hasiko dira. 17:00etan.
Zaintzak plazara hobeto bizitzeko lelopean mahai-ingurua egingo dute, eta 3 gonbidatuk hartuko dute parte. Alde batetik, Assumpta Ayerdi historiagilea egongo da eta “komunitate inklusibo eta ekitatiboak” eraikitzerakoan zaintzek duten garrantzia landuko du nagusiki. Bestetik, Nerea Galdona psikologian doktoreak, zaintzaileen zaintzei buruz hitz egingo du. Hirugarrena, Marina Sagastizabal izango da, EHUko Soziologiako irakaslea eta Emagin ikerketa eta formazio feminista sustatzen duen elkarteko kidea. Ekonomia feministaren ikuspegitik egingo ditu bere ekarpenak gaiaren inguruan.
Larunbatean, hilak 15, gaiarekin lotutako bi egitasmo ezagutzeko tailerra egingo dute, 10:30ean. Antolatzaileek bere webgunean azaldu dutenaren arabera, tailer honen helburua “komunitatea sendotu eta inguratzen gaituzten pertsonen zaintzak sustatzea” izango da. Oinherri eta Portal Solidario egitasmoak dira gonbidatuak; lehenengoa, “haurren kultura aitortzen duten beste aisialdi, hezkuntza eta hiri zein herri ereduak sustatzea helburu duen sarea da”, eta bigarrena, “auzotasun onaren” zentzua eta bizilagunen osasun komunitarioa berreskuratzeko asmoz sortutako egitasmoa da.
Jardunaldiak doakoak izango dira, baina antolatzaileek telefono honetan izena ematea gomendatu dute:
943 453 526.