Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Eneko Goia alkatea, aurkezpenean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostia Hiria Publikoaren Saria babestuko du hirugarren urtez Donostiako Udalak. Europako Kultur Hiriburutzaren harira sortu zuten saria, eta Donostia 2016ren legatua da. Herritarrak dira saria erabakitzen dutenak. “Ikusleek gustukoen duten zinema saritzen dute, eta iaz ikusi genuen bezala, exijentzia maila altua du Donostiako ikuslegoak”, esan du Eneko Goia alkateak.
Perlak saileko filmak dira Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko hautagaiak. Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko dira, eta filmen emanaldietara hurbildutako ikusleek hautatuko dute irabazlea. Zinemaldiko bukaera galan banatuko dute saria. Film onenak 50.000 euro jasoko ditu, eta Europako film onenak 20.000 euro.
Pasa den urtean Martin McDonagh zuzendariaren
Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmak irabazi zuen Donostia Hiria Publikoaren Saria. Ondoren bi Oscar sari eskuratu zituen. Bestalde, Xavier Legranden
Jusqu’a la garde izan zen Europako film onenaren irabazlea.
Horrez gain, Zinemaldirako 1.000 txartel banatuko ditu udalak donostiar langabeen artean, Udalinfo bulegoan. Gizarte talde behartsuenen artean ere banatuko dituzte, gizarte zerbitzuen bidez.