
Irailaren 16tik 22ra izango da Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea.
Konbinatu eta mugitu lelopean egitarau zabala antolatu du Donostiako Udalak Kalapie, Cristina Enea, Bizikletaren Behatokia, Dbus –
Zurekin edonora kanpaina egingo dute– eta Donosti Roller taldearekin batera. “Hirian barrena mugitzeko aukera guztiak ikusita, jasangarrienak konbinatzera animatu nahi ditugu herritarrak”, adierazi du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Bizikletaren erabilera sustatzeko jarduera ugari egingo dituzte, eta esanguratsuenen artean dago
Route 25 bizikleta martxa. Hilaren 22an, herritarrek hiriko bidegorrietan barrena 25 kilometroko ibilaldia egin ahal izango dute. Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak proposaturiko jarduera da.
“Bidegorri sare ederra dugu Donostian, eta bertako askok ez dakite 25 kilometroko ibilbidea egin daitekeela”, azpimarratu du Higinio Otazu elkarteko ordezkariak. Hala, 10:00etan udaletxetik abiatu eta auzoz auzo hiria zeharkatuko dute. “Bi ordu eta erdi inguru behar dira ibilbidea osatzeko”.
Bestalde, aurten estreinakoz
Social Bike Challenge jarduera abian jarriko dute. Aplikazio baten bidez hiriko txirrindularien desplazamendu guztien jarraipena egin ahal izango da lehiaketa batean parte hartuz. Egindako distantzien arabera puntuak eskuratu eta sariengatik aldatuko dira. Lehia irailaren 16an hasi eta urriaren 6an bukatuko da. Epe horretan kilometro gehien egiten duenak sariak lortzeko aukera handiagoa izango du.
Gainerako jardueren zerrenda:
- Irailak 16, igandea. Etxeko txikienentzako puzgarriak eta pedalkada pistak Alderdi Ederren, goiz eta arratsaldez.
- Irailak 17, astelehena. Errepidetik bizikletan nola ibili ikasteko ikastaroa, Teresa de Calcula plazan 18:00tik 19:00ra.
- Irailak 18, asteartea. Bizikleta konpontzeko oinarrizko mekanika ikastaroa, Teresa de Calcula plazan 18:00tik 19:00ra.
- Irailak 19, asteazkena. Bidegorrietatik zehar Roller ibilaldia, 19:30ean.
- Irailak 20, osteguna. Bizikleta zaleen merienda Kalapiek antolatuta, La Perla aurrean 17:00tik 20:00ra.