Imanol Agirretxe Realaren lehenengo mailarako igoeraren denboraldiko gol bat ospatzen. (Argazkia: Reala)
Asteburu honetan Anoeta berrituak agur esango dio bere ikur maitatuenetariko bati, Realak Bartzelonaren aurka jokatuko duen partidaren aurretik. Imanol Agirretxek futbola utzi du, eta larunbatean zale guztien aurrean egingo zaion omenaldian, usurbildarrak zelai berriaren lehenengo gola egingo du.
Realarekin hamaika denboraldi jokatu ditu Agirretxek. Bere lehen gola 2005eko maiatzaren 15ean egin zuen, Anoetan, Sanseko jokalaria zela eta soilik 18 urte zituela. Realak Malagaren aurka galdu zuen neurketa hura, baina hurrengo urteetan 75 gol oparituko zizkion aurrelariaren gaitasuna ezagutu zuen egun horretan. Bere ibilbide profesionala amaituta, urte guzti hauetatik gordetzen duen gauzarik “preziatuena” zaleengandik jasotako babesa eta maitasuna direla dio Agirretxek.
IRUTXULOKO HITZA Realeko jokalariarekin bildu da, bere ibilbidea errepasatu eta futbola uzteko erabakiaren inguruan hitz egiteko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.