"Ibilbide osoa nahi nuen tokian egin izanak gogobeteta sentiarazten nau"
Lesioz beteriko bi urte eta erdiko gurutze-bidea jasan ondoren, Agirretxek (Usurbil, 1987) futbola utziko du. Anoeta berrituak bere ikur maitatuenetariko bat agurtuko du bihar, Bartzelonaren aurka neurtu aurretik.
Zergatik orain, Imanol?
Unea orain dela sentitu dudalako. Azkenengo lesio honekin garbi ikusi dut. Bizitzan gauzak sentitzen ditudan bezala egiten saiatu naiz beti, eta horrela hartu dut erabaki hau ere.
Zaila izan da?
Oso garbi ikusi dut dena, eta lasai hartu dut erabakia, inolako presiorik gabe. Kontratua nuen oraindik, eta taldearen babesa beti sentitu dut ere, baina nire burua ez nuen %100ean ikusten eta hoberena futbola uztea dela ondorioztatu dut.
Gorabeherez beteriko kalbarioa bizi duzu azken bi urte eta erdian. Nolakoa izan da?
Esan duzun bezala, oso gorabeheratsua. Lesio baten ondoren berreskuratu eta gauzak bere lekura bueltatzen zirela ematen zuen aldiro, beste batean erortzen nintzen. Emozio desberdin asko bizi ditut, hortaz, denbora tarte horretan.
Honen guztiaren zergatiaren inguruan hausnartzeko astia izan dut ere. Iruditzen zait orkatileko lesioagatik eta mugikortasun faltagatik etorri zaizkidala ondorengo lesio guztiak, gorputza ez delako mugimendu falta horretara ongi egokitu.
Ilusioz bueltatzen zarenean berriro erortzea gogorra egiten da, baina kexatzeko arrazoi gutxi ditudala iruditzen zait. Realarekin golak berriro egin ahal izateko lan egitea helburu polita iruditzen zitzaidan, eta nire onena eman dut horretarako.
Asko pentsatu duzu 2015eko Bernabeuko egun latz horren inguruan?
Egia esan ez dizkiot buelta gehiegi eman, momentuan lesioak ez zuelako horrenbesteko garrantzirik. Beste edozein lesio bezalakoa zirudien. Gerora izan dituen ondorioak ikusita, garbi dago egun horrez geroztik nire kirol ibilbidea aldatu egin zela. Baina ni aste batzuen buruan zelaian bueltan egoteko asmoz etorri nintzen hurrengo egunean Zubietara, eta agian horregatik ez dut egun zehatz hori bereziki gogoratzen.
Hamasei partidatan hamahiru gol egin zenituela iritsi zen lesioa, zure boladarik gozoenean. Horrek arantza utzi dizu?
Gauzak iristen zaizkigun bezala hartu behar ditugu eta horrekin aurrera egin. Momentu onean nengoen, dudarik gabe, fisikoki oso ondo eta golak sartzeko erraztasunarekin. Askotan pentsatu izan dut ona dela horrela bukatu izana, jendea sentsazio onarekin geratu zelako, eta baita ni ere. Askoz okerragoa izango zen lesio hura nire ibilbideko momentu txar batean iritsi izan balitz, jokatu gabe edo golik gabeko bolada batean.
Zaleak gertu sentitu dituzu azken urte hauetan?
Oso maitatua eta estimatua sentiarazi naute beti. Zelaian beti jaso dut euren babesa, baina zelaitik kanpo egotean jasotakoa are handiagoa izan da. Zaleentzako esker hitzak besterik ez dauzkat. Zureak sentitzen dituzun zaleak edukitzea izugarria da futbolari batentzat. Maitasun hori da nire ibilbidetik gordetzen dudan gauzarik preziatuena.
Etxean beti izan zarete futbol zaleak?
Bai, nire aita bereziki. Eskutik emanda eramaten ninduen Anoetara Realaren partidak ikustera, eta garbi dago nire zaletasuna hortik datorrela.
Zein da taldearekin bizi duzun unerik bereziena?
Bigarren mailan egon ginen lehenengo urtean lehenengo taldera igotzen nenbilen, eta hura oso denboraldi gogorra izan zen Realarentzat. Zailtasun ekonomiko garrantzitsuak zituen, eta klubaren etorkizuna ezbaian zegoen. Realzale guztiok oso gaizki pasa genuen garai horretan.
Bi urteko epean, ordea, egoerari buelta eman eta lehenengo mailara bueltatzea lortu genuen. Jendea berriro ilusionatu zen eta zaletasuna piztu egin zen berriro. Gazte askok ez dute inoiz Realaren titulurik bizi, eta igoera liga bat irabazi izan bagenu bezala ospatu zen. Egun horiek taldearekin bizi ditudan berezienak izan ziren, dudarik gabe.
Zure golik kuttunena Groningenen aurkako neurketan egindakoa izan zen, ordea.
Hala da. Hilabete asko neramatzan jokatu gabe, lesio desberdinengatik. Egun hartan, Realeko kamiseta jarri nuen berriro. Partida lagunartekoa zen, eta ez zuen garrantzi berezirik, baina hor egin nuen golak zama emozional handia izan zuen niretzako, berriro futbolari sentiarazi ninduelako.
Gola egiterakoan malkoak irten zitzaizkidan. Barruan neraman guztia kanpora atera zen une horretan. Jokalari gisa bizi dudan momenturik bereziena izan zen.
Entrenatzaile asko ezagutu dituzu zure ibilbidean zehar. Baten batek bereziki markatu zaitu?
Izan ditudan entrenatzaile guztietatik ikasi dut zerbait, eta batekin geratzea injustua izango litzateke besteentzako. Txikitatik entrenatzaile on asko izan ditut, eta bakoitzak bere fasean garrantzi handia izan du nire garapenean.
Entrenatzailearen paperak berebiziko garrantzia du gazteengan, futboletik harago, hauen baloreengan eragin zuzena izan dezakeelako. Formatzaile hauen irudia indartu eta baloratzea ezinbestekoa dela uste dut.
Eta jokalariei dagokienez, zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Asko izan ditut. Debuta 18 urterekin egin nuen, Anoetan, eta hor aspalditik jarraitzen nituen beste jokalari askorekin egin nuen topo. Besteak beste, Darko Kovacevicekin jokatzeko aukera izan nuen, niretzako aurrelari gisa idolo bat zena.
Baina lehenengo taldera igotzerakoan egin zidaten harrerarengatik beste asko gogoratzen ditut ere: Mikel Aranburu, Igor Jauregi, Mikel Labaka, Gari Uranga, Aitor Lopez Rekarte… Horiek denak hor zeuden eta hasieratik ondo sentiarazi ninduten taldean.
Hain gazte izanik horrelako aldagela batera sartzerakoan beldurra sentitzen duzu, baina horrelako taldekideen gertutasunak dena errazten dizu. Jarrera hori errepikatzen saiatu behar garela iruditzen zait, jokalari berriei jasotako harrera berdina eskainiz.
Ibilbide profesionala talde bakarrari lotuta egiten duten gero eta jokalari gutxiago ikusten dira.
Nik Realan egon nahi izan dut beti, baina horrenbeste urtez talde berean geratu den jokalaria ez da hor kasualitatez mantendu. Gauza zaila da, alde batetik taldean jarraitzeko maila ona eman behar duzulako, eta bestetik, ondo zabiltzanean merkatua asko zabaltzen zaizulako.
Hona iritsi nintzenetik nire helburua hemen jarraitzea izan da, eta horregatik borrokatu dut urtero. Nire ilusioa kamiseta honekin Anoetan golak egitea izan da beti, eta lesionatua egon naizenean ere, hori izan da aurrera egitera eraman nauen arrazoia. Aro hau amaituta, nire ibilbide osoa egon nahi nuen tokian egin izanak gogobeteta sentiarazten nau.
Debuta egin zenuenetik urte dezente igaro dira, eta denbora horretan futbolaren mundua asko aldatu da ere.
Urte gutxian gauzak asko aldatu dira, bai. Alde batetik, futbolak bultzada ekonomiko handia jaso duela iruditzen zait, eta klubak izugarri hazi dira. Horri esker, jokalariez gain, orain taldeek askoz langile gehiago dituzte, eta kirolaren maila hobetu egin da.
Baina, era berean, diru kopuruak gora egin duenez, kirolak beste arlo batzuetan galdu egin duela uste dut, balore eta sentimendu aldetik bereziki. Azken finean, diru asko dagoen tokian negozioa gertu egoten da ere, eta gaur egun lehen baino askoz errazago jartzen zaie prezioa sentimenduei.
Zentzu horretan, bakoitzak baloratu behar du zer nahi duen eta zein bide jarraitu. Bakoitza librea da nahi duena egiteko, noski, eta erabaki guztiak dira errespetagarriak.
Xabi Prieto, Carlos Martinez eta Alberto de la Bellaren agurrekin bat dator zure erretiroa. Taldea dezente gaztetu da bat-batean.
Urte asko daramatzagunok bagoaz, baina taldeak esperientzia handiko jokalari asko dauzka oraindik. Ziur nago, kirol arlotik harago, taldearen baloreak transmititzen ere lagunduko dutela. Horrek lasai uzten nau, eta baita harro ere.
Gainera, iristen ari diren jokalari berriek harrobian lanketa paregabea eduki dutela iruditzen zait. Inoiz baino preparatuago datozela esango nuke. Talde hau gertutik jarraitzeko gogoz nabil orain, zaletu gisa bada ere.
Nola ikusten duzu hasi berri den denboraldia?
Taldea ilusioz dabil. Aurtengo aldaketei egokitzen dabiltza oraindik, denbora behar baita horretarako. Gainera, lehen partidak etxetik kanpo jokatzea ez da erraza izan, baina emaitza onak lortu ditugula uste dut. Lana eginez, taldea hobera joango da pixkanaka.
Anoetako zelai berria probatzeko aukerarik ez duzu izango.
Hori nire helburuetako bat zen, baina ez da posible izan, eta ez dizkiot buelta gehiegi ematen horri. Behintzat zale gisa gozatuko dut orain Anoeta berria.
Gainera agurra zelaiaren estreinaldian egitea berezia dela iruditzen zait. Horrenbeste eman dizun jendeari etxean eskerrak eman eta agurtzea amestutako bukaera da niretzat. Ezin dut gehiago eskatu.
Zaleak jokalarien malko arteko agur tristeetara daude ohituta. Zuk, ordea, irribarretsu iragarri duzu zure agurra.
Niretzako une zoriontsua da, egindako bidea izugarri baloratzen dudalako. Emango diodan amaiera eta jaso dudan maitasun guztia ikusita, pozik sentitzea besterik ez zait gelditzen.
Aro berri bat hasiko duzu orain. Zein asmo dituzu?
Omenaldiaren ostean distantzia pixka bat hartuko dut, hau guztia bukatu egin dela behar bezala barneratzeko. Realak klubari lotuta jarraitzeko aukera eskaini dit. Bueltan, hortaz, non lagundu dezakedan pentsatzeko bildu beharko gara. Horrenbeste urteetan jaso eta ikasitako guztia transmititzea gustatuko litzaidake, baina kontu horiek aurreragoko elkarrizketa baterako utziko ditut.