Jardunaldiak egingo dituzte gaur eta bihar, Egiako parkean. (Argazkia: Saretuz)
Saretuz sareak VII. Jardunaldiak egingo ditu asteburuan, kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzeko.
Zainduz Kontsumitu izenburupean, Egian bilduko dira, Cristina Enea Ingurumen Baliabideen zentroan. Alternatibak eman nahi dituzte «norbanakoa, kontsumo azkarra eta lehiakortasuna nagusi diren sistemarako».
Jardunaldiak doakoak izango dira, baina antolatzaileek gomendatzen dute aurrez izena ematea, telefono zenbaki honetara deituta: 943 453 526, edo posta elektroniko bat idatzita:
saretuz@gmail.com.
Gaur, ostirala, 17:00etan, mahai-ingurua egingo dute: Zaintzak plazara hobeto bizitzeko. Hiru gonbidatuk hartuko dute parte: Assumpta Ayerdi historialariak, Nerea Galdona psikologia doktoreak, eta Marina Sagastizabalek, EHUko Soziologiako irakaslea eta Emagin ikerketa eta formazio feminista sustatzen duen elkarteko kideak.
Bihar, larunbata, gaiarekin lotutako bi egitasmo ezagutzeko ikastaro txiki bat egingo dute, 10:30ean: Oinherri eta Portal Solidario. Lehenengoa sare berezi bat da, eta helburutzat du haurren kultura aitortzen duten beste aisialdi, hezkuntza eta herri ereduak sustatzea. Bigarrena Gurutze Gorriak bultzatutako egitasmoa da. «Auzotasun onaren» zentzua eta bizilagunen osasun komunitarioa berreskuratzea du helburu.