Ezkerrean, Iñaki Uranga, urteko Intxaurrondotarra eta eskubian, Martin Etxeberria, aurtengo Intxaurrondo Zaharreko alkatea. (Argazkia: Maixa Alba)
Atzo hasi ziren jaiak Intxaurrondo Zaharrean eta ospatzeko, sardina jana eta bertso poteoa egin zituzten, Ane Labaka eta Unai Gaztelumendi bertsolariekin. Urtero bezala, alkatetzarako hauteskundeak egin zituzten arratsaldean eta ondoren, jaien hasierako ekitaldian, alkate berriaren izendapena egin zuten. Aurten, bost hautagai aurkeztu dira hauteskundeetara, eta boto kopuru handiena lortu dituena Martin Etxeberria izan da.
Era berean, urteko Intxaurrondotarrari saria eman zioten, eta aurten, Iñaki Urangak jaso du trofeoa. Jai batzordeko Maixa Albak azaldu duenez, Intxaurrondo ikastolako bulegariak auzoko jaien alde gauza asko egiten ditu isilpean: «Esaterako, txokolate janerako txokolatea prestatu eta zinten jokoa antolatzen ditu. Era berean, urteroko jaietako alkatearen izendapenerako bere etxeko balkoia uzten duela kontatu du Albak.
Igandera arte, jaietan murgildurik egongo da auzoa, baina aurretik, bi jarduera antolatu dituzte Intxaurrondokoek. Irailaren 3an, XXX. Pala Txapelketa hasi zuten eta gaur jokatuko dituzte finalak, 17:00etan. Gainera, asteazkenean, auzotarrek egindako artelanen erakusketa inauguratu zuten aiton-amonen etxean. Erakusketa ikusgai egongo da igandera arte.
Jai batzordeko Maixa Albak azaldu du martxoan hasi zirela jaiak prestatzeko bilerak egiten, eta aurten, adin guztietako pertsonentzat egitaraua osatu dute. Jarduera guztien artean, pala txapelketa nabarmendu du Albak, aurten, 30 urte pasa direlako lehenengoz egin zutenetik. Bi mailatan banatutako 16 bikotek hartu dute parte aurtengo txapelketan.
Kontzertuak gauero
Musika eskaintza anitza prestatu dute Intxaurrondo Zaharrekoek jaietarako. Gaur arratsaldean, mozorro poteoa egingo dute Do Ta Ke txarangak girotuta, eta gauean, Las Tipex eta Ingo al Deu taldeen kontzertuak egongo dira.
Bihar, larunbata, herri bazkaria egingo dute, eta ondoren, Lagunekin Kantari egitasmoko parte hartzaileekin bazkalosteko kantu saioa egingo dute. Gauean, aldiz, Atom Rhumba, Rukula eta Atxurra Sound Band taldeek joko dute zuzenean. Azkenik, igandean, jaiei amaiera emateko, Maddi Oihenart eta Jeremy Garatek kantaldia egingo dute. Albak aitortu duenez, jai batzordekoek egiten duten lanaz gain, auzotarren parte hartzea «ezinbestekoa» da jaiak aurrera atera ahal izateko