Borroka Sozialen Astean atxilotutako bi gazteen aurkako epaiketa akusazio faltsuekin hasi dela salatu dute
Maiatzean Bizitza Da Handienak deituriko Borroka Sozialen astean Ertzaintzak atxilotutako bi zarauztarrak gaur pasa dira epailearen aurretik, eta bertan poliziak akusazio faltsuak egin dituela salatu dute herri mugimenduko kideek. Besteak beste, agenteei lesio desberdinak eragin zizkietela adierazi dute poliziek goizeko epaiketan.
Gazteei “desobedientzia” eta “lesio” delituak leporatzen dizkiete. Tabakaleran Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi-bileraren aurka eginiko protesta baketsuan atxilotu zituzten, poliziak herritarrengana indarrez jo ondoren.
Auzipetuei babesa adierazteko, hainbat herritar Egiako epaitegiaren aurrean bildu dira goizean.