Donostiarrako emakumeen taldeko kideak, estropada baten ostean. (Argazkia: Donostiarra)
Donostiarrakoek bi jardunalditan jokatu zuten play offa Hondarribiaren aurka, eta bietan azkarragoa izan zen Donostiako ontzia. ETE ligako txapeldun izan den Donostiarra, Euskotren ligan ariko da datorren denboraldian, eta Hondarribikoak aldiz, ETE ligan lehiatuko dira.
Hortaz, Donostiako bi traineru izango dira datorren denboraldian emakumezkoen maila gorenean arraun egingo dutenak: Arraun Lagunak eta Donostiarra, hain zuzen. Euskotren ligan lehiatuko diren beste bi taldeak Orio eta San Juan izango dira.
Larunbatean jokatu zuten donostiarrek play offaren lehen jardunaldia Bermeon, eta hasiera batean, 10 segundorekin zigortu zuten Hondarribiko ontzia, estatxa lehenago askatu zutelakoan. Azkenean, epaileek zigorra bertan behera uztea erabaki zuten, baina hala ere, Donostiako taldea nagusitu zen, 7,80 segundoko aldearekin, aurreikuspenek agindu bezala.
Igandean, Portugaleten, horrela gelditu zen amaierako sailkapena: Donostiarrak 21.01:78ko denbora eta Hondarribiak 12.25:14koa.
Honako arraunlariek osatu zuten larunbateko tripulazioa: Naroa Urkola, Haizea Saez, Ondiz Lekubarri, Elene Lopetegi, Laida Arruti, Nagore Arruti, Maialen Alkorta, Alaitz Olarte, Alex Arellano, Olatz Lopez, Tayde Gomez de Segura, Mireia Uranga, Uxue Serrano eta Inder Paredes patroia. Igandean, aldiz, Itxaso Uzkudun eta Uxue Alberdi aritu ziren Laida eta Nagore Arrutiren ordez.
Atzo arratsaldean, harrera beroa egin zieten herritarrek Konstituzio plazan Donostiarrakoei eta neskek, egindako denboraldi bikainaren adierazle diren banderak astindu zituzten. Gaur arratsaldean, aldiz, Donostiako Udaleko ordezkariek harrera ofiziala egingo diote Donostiako taldeari udaletxean.