(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostiako Udaleko Ogasun batzordea egin dute gaur, eta bertan Parte Zaharreko eraikin okupatua hustutzeko asmoari eutsi dio udal gobernuak. EH Bilduren udal taldeak eman du horren berri, eta hori gertatu aurretik gazteekin elkarrizketa bat abiatzeko eskatu dute.
“Autoritarismotik eta bide polizialen bidetik ez da ezer konponduko. Parte Zaharrak eta, batez ere, gazteriak irtenbideak behar dituzte, eta egitasmo honek alternatiba errealak eskaintzen dizkie, arlo kulturalean, sozialean eta aisialdian”, adierazi dute ohar baten bidez. “Errepresio irudiak ez ditugu berriro ikusi nahi Parte Zaharrean”.
Udal gobernuaren jarrera kritikatu du EH Bilduk: “Irabazi asmorik gabeko egitasmo sozial eta komunitario honen aurrean udal gobernua erakusten ari den jarrera zorrotza ez dator bat zenbait lobby pribatuekin mantentzen duen jarrera malguarekin”. Horrekin batera, beraien ustez Eneko Goia alkatearen udal gobernuan “bi leihatila” daude: “bata, herritar arruntentzat eta, bestea, oso interes zehatzak dituzten lobby pribatu horientzat”.