Tabakalerako zinema programazioa urriaren 3an abiatuko da
Zinema pantaila publikoa indartu du Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Horrela, urriaren 3tik aurrera abiatuko duten zinema programazioa “aberatsa eta parekorik gabekoa” izango dela adierazi dute. Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elias Kerejeta Zine Eskolak, Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerako zinema taldeak elkarrekin osatu dute egitaraua.
“Tabakalerako zinema pantaila publiko eta partekatua, elkarlanean programatzen dena”, azpimarratu du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak. Ikusle bakoitzak bere gustuen araberako filmak topatuko dituela gaineratu du.
Helena Taberna, Claire Denis eta Agnes Varda zinemagileak izango dira 2018-2019 denboraldiaren protagonistak eta atzerabegirako garrantzitsuak eskainiko zaizkie. Era berean, Donostiako Zinemaldiaren Zabaltegi-Tabakalera atalean lehiatuko diren zenbait zinema zuzendariren lanak ere ikusteko aukera izango da Tabakalerako pantailan.
Zinema aretoaren barruan gertatzen diren saioez gain, ezinbesteko osagarriak dira azken urteotan harrera bikaina izan duten bestelako programa eta egitasmoak: Zinema (h)abian-Cinema en curs, Nazioarteko Zinema Mintegia, Ikusmira berriak edo Nest Film Students.
Bestalde, asteazkenean, hilak 19, egingo den Elias Kerejeta Zine Eskolaren irekierarekin behin betirako gorpuztuko da Tabakalerako zinema pantaila ikasgela ere badela dioen ideia: bertan ikusiko diren film guztiak eskolaren programa akademikoaren barruan daude. Tabakalerako zinema ikasketarako, ikerketarako eta analisirako espazioa bilakatuko da, herritarrentzat zabalik dagoena.