'Zurriolako Butaka' saioak euskarazko hedabideen elkarlana sendotu du
Irailaren 28 eta 29an izango da Zinemaldi Alternatiboa.
Programak hainbat berrikuntza izango ditu. Esaterako, Anabel Arraiza nafarra izango da aurkezle berria. Horrez gain, kalitatean pauso bat aurrera emango du programak. Ostiraleko saioan Amaia Remirez ekoizleak Another day of life filmearen inguruan ariko da, etaAgus Barandiaran Basque Selfie filmeko ekoizle eta protagonista elkarrizketatuko dute.
Ordubeteko saioa grabatuko da egunero Kursaalean, eta 19:00etatik aurrera ikusi ahalko da IRUTXULOKO HITZAren eta gainerako euskarazko hedabideen atarietan. Hamaika Telebistak 22:00etan emitituko du.
Donostiako Zinemaldiarekin batera abiatuko da ostiralean, Zurriolako Butaka telebista saioa. Euskarazko sei hedabideren arteko elkarlana izango da: Berria, Hamaika, Gaztezulo, Zinea.eus, Kanaldude eta IRUTXULOKO HITZA. Hain zuzen ere, aurten Kanaldude telebista batu da. Sei hedabideetako ordezkarien prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, Kursaalean.
“Donostiarekin eta donostiarrekin loturiko zinemaldia landuko dugu”, esan du Nerea Lizarralde Irutxuloko zuzendariak. “Gure helburua izango da hurbileko kontaketa egitea. Bestalde, nabarmentzekoa da Zinemaldi Alternatiboari tartea egingo diogula. Gainera, aurten hamargarren urteurrena ospatuko dute”.