Julio Soto, Mexikoko Las Alondras inprobisatzaileekin batera kantuan. (Argazkia: Mintzola Ahozko Lantegia)
Urriaren 9tik 14ra egingo dute Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira eta izenak iradokitzen duen moduan, munduko hainbat inprobisatzaile batuko dituen bira izango da. Euskal Herritik, Amets Arzallus, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Xabi Igoa hartuko dute parte, eta haiekin batera, ‘punto cubanoan’ aritzen den Kubako Tomasita Quiala repentista eta Araceli Argüello payadore argentinarra egongo dira. Maite Berriozabal eta Iker Iriarte arduratuko dira saioak gidatzeaz.
Biraren aurkezpenean, antolatzaileek honakoa adierazi zuten Kuba eta Argentinako inprobisatzaileen inguruan: “Kubako punto cubanoaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da Quiala eta jada egona da Iruñean, 1998an Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroan hartu baitzuen parte. Gazteagoa izanagatik, ibilbide esanguratsua du Araceli Argüellok ere, 23 urte baititu eta duela 10 urte pasatxo hasi baitzen payadan”.
Urriaren 14an hasiko da Iruñean eta egunero saio bat egingo dute Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan: Erandion, Hernanin, Gasteizen, Baionan eta Donostian.
Donostiako saioa izango da azkena eta urriaren 14an izango da, Antzoki Zaharrean, 19:00etan.
Hona hemen saio guztien inguruko informazioa:
- Urriaren 9an, asteartean, Iruñean: 19:00etan Zentral aretoan.
- Urriaren 10ean, asteazkenean, Erandion: 19:00etan Merkatu Zaharra aretoan.
- Urriaren 11an, ostegunean, Hernanin: 19:00etan Biteri kultur etxean.
- Urriaren 12an, ostiralean, Gasteizen: 19:00etan Beñat Etxepare antzokian.
- Urriaren 13an, larunbatean, Baionan: 18:00etan Cite Des Arts Ecole superieure d’art.
- Urriaren 14an, igandean, Donostian: 19:00etan Antzoki Zaharrean.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatu duten egitasmoa da hau, tokian tokiko hainbat erakunderekin batera. Donostiaren kasuan, Donostia 2016k proiektua babestu du, Kultur Hiriburutzaren urtean egin zituzten nazioarteko topaketaren antzerakoei jarraipena emateko helburuarekin.
Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, sarreren gaineko informazioa eta saio bakoitzeko jarraipena egiteko aukera egongo da
www.mintzola.eus atarian eta tokian tokiko antolatzaileen iturrietan.