(Argazkia: Donostiako Udala)
Urgulleko Jesusen Bihotza eskulturaren zer egin aztertzeko eskaera egin du Irabazi Donostiak, eta iraileko udalbatzarrera eramango du mozio gisara. Horren inguruan galdetu diote Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. “Ez dut uste hiriak Jesusen Bihotza eskultura kendu nahi duenik”, esan du Goiak.
Jatorri frankistaren inguruan galdetuta, alkateak esan du ez dakiela kutsu hori duenik. “Izaera erlijiosoa du, bai, baina beste eraikin askok bezala. Nik ez dakit eskultura hori zein garaitan egin zen”.
Urgulleko eskulturaren etorkizuna argitzeko prozesuaz gain, Irabazik eskatu du Federico Silva Muñoz ministro frankistari Donostiako Urrezko Domina kentzeko. Goia prest agertu da dominaren kasua aztertzeko.