(Argazkia: Donostiako Udala)
300.000 eurokoa da Haizearen Orraziko irisgarritasuna bermatzeko lanen aurrekontua. Horrela, monumentu multzoaren barne plataformako zoladura egokituko dute pertsona guztientzako irisgarria izan dadin. Donostiako Udaleko Gune Publikoen Batzordean eman zuen erabakiaren berri Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak.
Galtzada harrien arteko tarteak bete eta haiek eskuz pikatuko dituzte, gurpil aulkiak pasatu ahal izan daitezen. Irtenbidearekin ados agertu dira Txillida zein Peña Gantxegi familiak eta Elkartu Gipuzkoako Elbarritasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea.
“Lan horretarako lau hilabete beharko dira, obra lizitatzen denetik aurrera. Hori dela eta, 2019ko Aurrekontu Orokorreko inbertsioetan jasoko dute proposamena, eta hura onartzean programatu ahalko da obraren lizitazioa. 2019ko azken lauhilekoan aurreikusten da obra egitea, uda pasata”, esan du Ramosek.