Santa Klarako itsasargia egokituko dute Cristina Iglesiasen obra jartzeko
Donostiako Udalak Santa Klara uharteko itsasargiaren lagapena eskatuko dio Pasaiako Portu Agintaritzari. Horri esker eraikina berritu ahal izango dute, barruan Cristina Iglesias eskultore donostiarrak bere lana jartzeko. Agintaritzak baimena lortzeko sei hilabete beharko dituela esan du Eneko Goia alkateak. “50 urteko lagapena eta kudeaketa eskatu du udalak”.
Itsasargiaren oinarrizko proiektua Jabier Lekuona arkitektoak egin du, eta eraikina barrutik hustea aurreikusten du. Lan horietarako 273.000 euroko aurrekontua zehaztu du udalak. “Hurrengo urteko maiatzean hustuketa abian jartzea espero dugu, irailerako eskultura jarrita egoteko”, esan du Goiak. Behin eraikina hustuta, lau metroko sakonera duen ontzi bat egingo da, eta bertan, Iglesiasek bere obra jarriko du.
Bestelako berrikuntzak ere egingo dizkiote itsasargiari. Hala nola, teilatua beirazko estalki batengatik aldatuko dute, eraikinaren barruan espiral forma duen pasarela metaliko bat egongo da, eta balkoi bat jarriko dute bisitariek obra ikusi ahal izateko.
Lanak egin bitartean eta ondoren, itsasargiak funtzionatzen jarraituko du. Bestalde, itsasargiak eta eskulturaren guneak sarrera desberdinak izango dituzte. Egungo sarrera nagusitik eskulturara sartu ahal izango da. “Ate nagusia artistak egindako elementu bat izango da”, adierazi du Goiak.
Itsasargiaren Etxearen kudeaketa
Cristina Iglesiasen proiektu artistikoa egiteko kudeaketa eta koordinazio zerbitzuen kontratazioa ere adostu ditu Donostiako Udalak. Lourdes Fernandez arduratuko da Itsasargiaren Etxearen kudeaketaz, eta bi urterako 174.528 euroko aurrekontua izango du. “Artistarekin adostasunera iritsi da udala, ez delako obra arrunt bat; artistikoa da”, azaldu du Goiak.