Galderaren aurkezpen ekitaldia, Donostiako nautikoan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Gure Esku Dagok eta Donostia Galdeketak
azaroaren 18an donostiarrei euskal herritarren etorkizunaren inguruan luzatuko zaien galdera ezagutzera eman dute gaur goizean Donostiako nautikoan:
“Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?”. Galdeketarekin Donostia “aintzindari” bilakatuko dela adierazi dute antolatzaileek, hiria “hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua” izango delako.
Galdeketa egin ahal izateko 9.500 sinadura bildu ostean, Donostia Galdeketak 1.500 pertsonen iritziak jaso ditu kalean eta
IRUTXULOKO HITZAren webgunean, galdera zein izango den erabakitzeko.
Azaroaren 18an Donostiak Irun, Balmaseda, Zalla eta Alonsotegirekin batera bozkatuko du Gure Esku Dagoren galdeketan. Guztira,
34 hautesleku irekiko dira hirian, eta galdeketaren antolatzaileen kalkuluen arabera,
1.000 boluntario inguru beharko dituzte egitasmoa aurrera atera ahal izateko. Kontsultan laguntzeko asmoa dutenentzako, auzoko taldeetara batu edo
Donostia Galdeketaren webgunean izena eman dezaketela azaldu dute.
Era berean, galdeketaren inguruko hurrengo hitzordu garrantzitsuaren berri eman dute ere goizeko prentsaurrekoan. Urriaren 28an Donostiako erdigunean kalejira erraldoia egingo dute ‘Dantzatu dezagun erabakia’ lelopean. Egun horretan, hiriko puntu desberdinetatik 11:30ean abiatuko diren hiru zutabek bat egingo dute Bulebarrean 12:30ean. Denak baturik, kaira joango dira ondoren, bertan 13:00etan galdeketaren hautetsontziak jasotzeko. Ekimenaren ostean bozka aurreratuari hasiera emango zaio hiriko auzoetan.