Käffka antzezlanaren kartela. (Argazkia: Gehitu)
Käffka antzezlana sortu ahal izateko
matchfunding prozesu bat abiatu du Gehituk, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak. 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat eta haien inguruko helduentzat pentsatuta dagoen antzezlana da eta Gehitu, Kamikaz Kolektiboa eta Ortzadar GLTBren artean martxan jarritako proiektua da.
Antzezlanaren gai nagusiak norberaren identitatearen definiziorako askatasun beharra, sexu aniztasuna eta lesbianismoa izango dira.
Antzerki lanaren ekoizpena euskaraz prestatzen ari direla jakinarazi du Gehituk, ikuslegoa euskalduna izango dela aurreikusten dute eta. Gehituk azaldu duenez, nerabeentzako lesbianismoari buruzko euskal ekoizpenik ez zegoela jabetu zirenean sortu zen antzezlana egiteko ideia, gainera, antzerkia hezkuntzarako “tresna boteretsua” dela aitortu dute.
Antzerki-lana Edurne Azkarate, Iraia Elias, Amaia Irazabal, Oier Guillan eta Mikel Ibargurenek antzeztuko dute, besteak beste, eta 55 minutuko iraupena izango du.
Herritarrak antzezlana ekonomikoki sustatzera gonbidatu dituzte, “euskal gizarte anitz, begirunetsu, kritiko, hezi eta aske bat” sortzen laguntzeko.
Honako webgunean egin daitezke ekarpenak.