Altsasuko gazteen aldeko elkartasun jaialdia egingo dute Guardetxean
Altsasuko gazteei elkartasuna adierazi eta muntai polizialak salatzeko asmoz Free altsasukoak izeneko jaialdia egingo dute Guardetxean irailaren 29an. Reggae, dancehall, dub eta rocksteady doinu artean, artista ugari igoko dira Urgulleko oholtza gainera, presoen familiei babesa emateko. Besteak beste, Selektah Stepi (Bad Sound System), Selektah Mudo, Mountain Sound, Beñaranks, Rude Kanka, Ikah Selektah & lagunak eta Selektah Amunda izango dira bertan, lekuko giroa berotzen.
Presoen senideetako bat bertan izango da ere, gazteen familiek bizi duten egoera hitzaldi baten bitartez azaltzeko. Festarako sarrerak hiru euro balioko ditu, eta bildutako diru guztia gazteen senideei laguntzera bideratuko da. Jaialdia 22:00etatik 4:00etara bitarte egingo dute, eta bertan kamisetak eta bestelako merchandising-a egongo da salgai.