(Argazkia: Irati Salsamendi)
OSAGAIAK
- Txahal azpizuna
- Foie grasa
- Ogi xigortua
- Basoko fruituen erredukzioa
- Gatz lodia
PRESTAKETA
Lehenik, mimo handiz garbitzen dugu beti toki berean erosten dugun txahal azpizuna. Garbitu ondoren, plantxan prestatzen ditugu azpizuna eta foie zati bat, eta ogi xigortu tostada batean jartzen ditugu. Amaitzeko, Mariak prestatzen duen basoko fruituen erredukzioa jartzen dugu pintxoaren inguruan eta foieari gatz lodia botatzen diogu.
Luis Pla (‘Luti’), Dakara Bi taberna
«Betiko gauzak prestatzeari garrantzia ematen diogu»
Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kalean dago Dakara Bi, Trinitate plazaren aurrean. 2011n ireki zuten taberna Luis Plak eta Maria Fernandezek, eta aurretik, izen bera zuen tabernan lanean ibiliak ziren Lasarten.
Zergatik erabaki zenuten Donostiara etortzea?
Lasarteko tabernan gustura geunden, eta lan asko egiten genuen. Karta zabalagoa geneukan, baina hainbat elementuk kaiola batean dagoen pizti baten moduan sentiarazten ninduten. Horren harira sortu zitzaigun Donostiara etortzeko ideia. Izan ere, Donostiak agertoki hobea eskaintzen du.
Bagenekien gauzak ondo egiten genituela, eta jendea oso gustura zegoen gurekin, batez ere egiten genuen sukaldaritzarengatik. Maria zen sukaldea antolatzeaz arduratzen zena, eta orain ere horrela da. Ni barrako zerbitzuaz arduratzen naiz gehiago.
Zein sukaldaritza mota eskaintzen duzue?
Taberna txikia da eta horrek hainbat gauza egiterako orduan mugatu egiten gaitu. Karta aberatsa dugu, eta pintxoek garrantzia handia duten arren, denborarekin ospe gehien hartu dutenak ogitartekoak izan dira.
Zein plater nabarmenduko zenuke?
Jendeari gehien gustatzen zaiona, azpizuna foierekin. Hauxe da aukeratu dugun platera, hain zuzen, baina nik Oporto erara egindako foie pintxoa nabarmenduko nuke. Foieak zoratu egiten nau, eta giltzapean izaten dut gordeta, bestela segituan amaitzen da! Urteen poderioz osagaien kalitatea asko hobetzea lortu dugu prezioa mantenduz; nik esango nuke hori dela puntu indartsuena. Nahiko lan kostatzen zaigu, izan ere, egunetik egunera prezioak asko igotzen ari dira, baina horretan jartzen dugu esfortzua.
Pintxo honek ez dauka inongo misteriorik, ez zaigu gauza pintoreskoak egitea gustatzen. Arrazoizko prezioa duen pintxo ederra da. Betiko gauzak prestatzeari garrantzia ematen diogu eta jendeak asko eskertzen du hori.
Zer moduz sentitzen zarete Parte Zaharrean?
Oso gustura gaude, hasieran gogorra izan zen arren. Lasarteko tabernan dena zen erregularragoa, eta Parte Zaharrean erritmoa oso aldakorra da. Hasieran hori da gehien kosta zitzaiguna baina urteekin ohitu egin gara.
Gainerako taberna eta saltokiekin oso harremana ona daukagu, eta baita bizilagunekin ere. Ohiko konpetentzia dago, baina azkenean elkar laguntzen saiatzen gara beti, izan ere, bezeroak egotea onuragarria da denontzat, eta jenderik ez dagoenean denok ateratzen gara kaltetuta. Gainera, auzoko saltokietan kontsumitzen saiatzen gara beti.
Zein taberna gomendatuko zenuke?
Askotan joaten naiz Erdialdeko Alustiza tabernara zerbait hartzera. Joaten naizen bakoitzean Gavilla izeneko pintxoa