Festaren kartela.
Auzotarren babesa eskertu eta aldarrikapena azpimarratzeko
Gobernu Zibila kultur etxe festa egingo dute larunbat honetan. Hain zuzen ere, Amara Berriko Gobernu Zibilaren eraikina kultur etxe bihurtzeko plataformak antolatu dute jaia. 18:00etatik aurrera hainbat jarduera egingo dituzte Aitzol parkean, Usandizaga institutuaren aurrean.
Egitarau zabala prestatu dute auzotarren laguntzarekin: Gora Kale Txiki txaranga; Goratzar Abesbatza; Iker Beñaran, Pelax, Gartxot eta Olatz Salvador abeslariak; Beñat Gaztelumendi eta Itsaso Piquer bertsolariak; La Antonia, Floripa, Ups! eta Horse pailazoak; eta Unai Gabilondo artista gonbidatua. Horrez gain,
Amara XX. mendearen hastapenean erakusketa ikusgai jarriko dute.
Hiru hilabeteko lanketa
Maiatza bukaeran elkartu ziren hainbat auzotar Donostiako Udalaren eskaera zaharra herritarren parte hartzearen bidez aurrera eramateko. Azken hiru hilabeteetan informazio mahaiak jarri dituzte auzoan eta auzotarren sinadurak bildu dituzte.
Era berean, udal talde guztiekin elkartu, eta Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordearekin, Anoeta Fundazioarekin eta Donostia Kulturarekin bilerak egin dituzte. “Denek esan digute GZ eraikina egokia eta bakarra dela auzoko kultur etxea kokatzeko”, adierazi dute.
Aldarrikapena udalak Amara Berrin ireki duen hiritarren parte hartze prozesuan sartu dute, eta horrela proiektua osatzen joan daitekeela uste dute plataformako kideek. “Aurrera begira, agintari eta politikariei eskatu behar diegu zehaztu ditzatela beraien proposamenak eta lortzeko bideak”.