Txillardegiren omenezko hormairudia, Antiguan.
Txillardegiren lana aitortzeko plaka bat jarriko du Oñatiko Udalak Arantzazun, ostegunean. Iñigo Arregi eskultoreak diseinatu du, eta Milikua ostatuko fatxadan jarriko dute. Izan ere, Txillardegi sarri joan ohi zen Milikuara, eta han ikertu, idatzi eta atseden hartzen zuen. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, eta bertan musika eta hainbat hitzaldi labur eskainiko dituzte.
Horren aurretik, bihar, asteazkena, 19:00etan,
Txillardegiren egunkari ezkutua filmaren aurrerapena ekainiko dute, Oñatiko kultur etxeko zinema aretoan. Kote Camachok eta Fito Rodriguezek
Txillardegi aitzindaria hitzaldia ere emango dute.
Oñatiko Udalak Txillardegiren lana aitortzeko erabakia hartu zuen, Txillardegi Liburutegia herri ekimenak proposatuta. “Oñatiko Udala izango da Txillardegiri aitortza merezi duen moduan egingo dion lehenengo erakundea. Aitortza ofizialaren bidean urrats garrantzitsua iruditzen zaigu. Urrats berriak etorriko diren konbentzimendua ere badugu, baita Txillardegiren jaioterrian bertan ere, Donostian, alegia”, diote herri ekimenekoek.
Urria hasieran euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena izango da. Euskara batuaren oinarriak Arantzazun jarri ziren, eta oinarri horien gurasoetako Txillardegi izan zen.