Easo kaleko herritarren arretarako bulegoa urriaren 1ean irekiko dute
Udal eraikinen berrantolaketa egiten ari da Donostiako Udala. Gaur onartu dute udaletxeko udal bulegoek izango dituzten tokiak antolatzeko proiektua, eta Easo kaleko Udalinfo bulegoaren berri eman dute. Datorren astelehenean, urriak 1, irekiko dute bulegoa Easo kaleko 41. zenbakian –suhiltzaileen egoitza zaharra–.
“Etorkizunean bulego nagusia izango da. Ez bakarrik kokapenagatik, baizik eta herritarrek beraien tramiteak egiteko gunea izan dadin”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Izan ere, goiz eta arratsaldeko ordutegia izango du Easoko bulegoak. “Goiz eta arratsaldeko ordutegia izango duen bakarra izango da”. Bestalde, Urdaneta kaleko 13. zenbakian zeuden zerbitzuak ere Easok hartuko ditu.
Gaur onartu duten proiektuak Ijenteako bulegoen antolaketa aurreikusten du. Udaletxearen mendebaldean lanak egingo dituzte –Nautikotik gertuen dagoen aldean–, zerbitzu desberdinak bertan eskaini ahal izateko. 5,6 milioi euroko aurrekontua du obrak eta faseka egingo dute. 2019ko martxoan aurreikusi dute lanekin hastea.
Sotoan bilerak egiteko gelak, biltegiak, sindikatuen bulegoak eta erreprografia zerbitzua kokatuko dira. Beheko solairuan, Lehendakaritza, Pertsonak eta Hiri Partaidetza sailak egongo dira. Lehen solairuan, talde politikoen bulegoak, idazkaritza, prentsa aretoa eta bilera gelak egongo dira. Eta azkenik, bigarren solairuan alkatetzako hainbat bulego, idazkaritza, eta bilerak zein formazioak egiteko gela multimediak egongo dira.
Legealdi hasieratik
Udal eraikinetako gunean antolatzeko plangintza legealdi hasieratik egiten ari da udala. Besteak beste, Turismo bulegoa udaletxeko eraikinean kokatuko dute. Goiak azaldu duenez, berrantolaketaren helburua da udalak ematen dituen zerbitzuak “modu logiko eta eraginkor batean” antolatzea.
Lehendakaritza sailak egin du udal egoitzen plana. Horrela, Goikoa jauregian ekonomia eta finantza zerbitzuak egongo dira. Ijentean erakunde ordezkaritza eta udal zerbitzu orokor juridiko eta antolatzaileak kokatuko dituzte. Azkenik, esan bezala, Easo kaleko eraikinean hiritarren arreta zerbitzuak bertan egongo dira.