Elkarretaratzea egingo dute Bilboko emakumearen erailketa gaitzesteko
Lakuako Segurtasun Sailak atzo gauean adierazi zuenez, Mbegouk aurkeztuta zuen bere senarraren aurkako salaketa bat Bilboko Udaltzaingoan, genero indarkeriagatik.
Mbeugouren erailketa gaitzetsi eta salatzeko, Euskal Herriko Mundu Martxak elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko hainbat hiritan. Talde feministak elkarretaratzeetara beltzez jantzita azaltzeko deialdia zabaldu du sare sozialetan, “haserrearen eta doluaren ikur gisa”. Era berean, indarkeria matxistaz Euskal Herrian eraildako emakumeak 6 direla jakinarazi dute.
Donostian, bihar, irailaren 27an egingo dute protesta, 19:30etan Bulebarrean.
Atzo, irailaren 25ean, 25 urteko Maguette Mbeugouren gorpua aurkitu zuen Ertzaintzak, Bilboko Ollerias Altas kaleko etxebizitza batean. Zenbait orduren buruan, eraildako emakumearen senarra atxilotu zuten Mutrikun. Iturri polizialen arabera, 38 urteko gizonak emakumea erail zuen ustez, lepoa moztuta eta biktimaren bi alaben aurrean.