(Argazkia: Donostiako Zinemaldia)
Euskal Zinemaren Gala ospatu zuten atzo Victoria Eugenia antzokian eta bertan, Ramon Agirre aktoreak Zinemira ohorezko saria jaso zuen, hunkituta eta txalo beroen artean. Nagore Aranburu aktoreak gidatutako ekitaldian, aktore donostiarraren ibilbide artistiko zabala omendu zuten zinema munduko kide eta zaleek.
Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileak izan ziren saria banatzeko arduradunak eta Goenagak, Agirre “ETBrekin hazi den belaunaldikoen bidelagun” gisa deskribatu eta aktorearen eskuzabaltasuna azpimarratu zuen.
Hunkituta eta bere esker ona etengabe adieraziz, azaldu zuen antzerkian egin zituela bere lehen pausoak. Zineman hasteko aukera izateagatik zorte handia izan zuela aitortu zuen: “bizitzan zortea oso inportantea da eta ni zorte handikoa sentitzen naiz”. Kanpoan euskal zinemari aitortzen dioten talentua aintzakotzat hartu eta euskal zinemak handia dela sinetsi behar duela aldarrikatu zuen.
Era berean, “zer kontatua badugu eta guk kontatu behar ditugu gure istorioak, serioak eta barregarriak. Guk esan behar dugu zerk egiten digun grazia eta zerk batere ez”, gehitu zuen. Maialen Lujanbioren hitzak ere erabili zituen, euskal zinemari aitortza egiteko: “Guk egiten ez badugu, ez du inork egingo”, gaineratu zuen.
Amaitzeko, bere jatorria goraipatu eta guraso eta familiakoei eskerrak emanez, umorez esan zuen: “nik ez dakit nola sentituko den Danny DeVito, baina ni orain munduko aktorerik handiena sentitzen naiz”.
Aktore donostiarraren ibilbide luzea ohoratzeaz gain, Josu Martinezek EiTBren kolaborazioarekin egindako
Jainkoak ez dit barkatzen / God Doesn’t Forgive Me filma estreinatu zuten Donostiako antzokian.
Zinemira sariak, euskal zinemagintzako pertsona bat saritzea du helburu, eta aurreko urteetan, Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elias Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramon Barea (2016) eta Julia Juaniz (2017) izan ziren saridunak.
Ibilbide luzea
Aurten, New Directors saileko Koldo Almandozen
Oreina filmean eta Zinemiran aukeratutako beste hiru lanetan agertuko da Agirre:
Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018),
Errementari (Paul Urkijo, 2017, Publikoaren Saria Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean) eta
Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes, 2017) filmetan, hain zuzen.
Era berean, 2019an estreinatuko diren bi pelikulatan lanean ibili da azken denboran. Alde batetik, Daniel Calparsororen film berria,
El silencio de la ciudad blanca, eta bestetik,
Agur Etxebeste!, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako filmaren bigarren zatia.
Euskal zinemarekin eta Zinemaldiarekin lotura estua duen aktorea da Agirre, eta lehenengoz, Montxo Armendarizen
27 ordu filmarekin hartu zuen parte zinema jaialdian. Armendarizen lanak Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1986an eta Agirre izan zen pelikulako aktoreetako bat. 2011n, Zinemaldiko epaimahaikide izan zen
Bi anai (Imanol Rayo) filma saritu zuen Serbitzu-Zinemira sariaren epaimahaian.
Ordutik, pelikula ugaritan egin du lan Donostiako aktoreak, eta asko, Zinemaldian edota beste zinema festibal batzuetan egon dira, besteak beste:
Visionarios (Manuel Gutierrez Aragon, Sail Ofiziala, 2001),
Frio sol de invierno (Pablo Malo, Zuzendari Berriak, zuzendari berri onenaren Goya saria, 2004),
Aupa Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal, Gazteriaren Saria, 2005),
Las 13 rosas (Emilio Martínez Lázaro, 2007, lau Goya sari eta beste hamar izendapen),
Sukalde kontuak (Aizpea Goenaga, Zinemira – Panorama 2009),
Hodeiak pintatzeko makina (Aitor Mazo eta Patxo Telleria, Zinemira 2009),
Arriya (Alberto Gorritiberea
, Zinemira-Panorama, 2011),
Amour (Michael Haneke, Urrezko Palmorria Cannesen, atzerriko hizkuntzako film onenaren Oscar saria eta Fipresci Sari Nagusia Donostian, 2012),
La herida (Fernando Franco, Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, 2013), eta abar.
Arkitektura ikasi ondoren, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Antzerti arte dramatikoko eskolan ibili zen Agirre, eskolako lehenengo belaunaldietako batean. Zineman ez ezik, antzezlanetan, telesailetan eta telebista-programa ezagunetan ere antzeztu du Agirrek, bai Euskal Herrian eta baita Espainian ere.
Gainera, antzezteaz gain, literaturarekin ere izan du loturarik donostiarrak: 1983an argitaratutako
Eta zergatik ez?… Sigrid poesia-liburua irudiztatu zuen eta 1994an, Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria eraman zuen
Errenta antzezlanaren testuari esker.