Euskaraldiarekin bat egin eta hamaikakoa osatu duten euskal aktoreak. (Argazkia: @euskaraz)
Zinemaldian ohikoa den Euskal Zinemaren Gala egin zuten asteartean, irailaren 25ean, Victoria Eugenia antzokian. Zinema munduko kide eta zaleek Ramon Agirreren ibilbide artistiko zabala omendu nahi izan zuten, aktore donostiarri Zinemira saria emanez. Euskal zinemaren aurpegi ezagun asko gerturatu ziren galara, eta ekitaldia aprobetxatu zuten Euskaraldiarekin bat egiteko.
Euskal Aktoreen Batasunak sustatuta, hainbat euskal aktorek hamaikakoa sortu dute, eta taldea osatuko duten izenen berri eman zuten gala hasi aurretik. Euskaraldian parte hartuko duten euskal aktoreen hamaikakoa Klara Badiola, Itziar Ituño, Mikel Laskurain, Miriam Martin, Iraia Elias, Ramon Barea, Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Esther Uria, Mario Pardo eta Eneko Sagardoy aktoreek osatuko dute.