Hondarpe auzo elkartearen informazio panelak, zikinduta.
Pasa den larunbatean, hilak 22, Groseko Hondarpe auzo elkartearen informazio panelak margo zuriarekin zikindu zituzten. Hori dela eta, auzo elkarteak oharra atera du erasoa salatzeko. “Badirudi auzotar guztien gustukoa ez dela egiten ari garen lana eta bertan garatzen den dinamika. Duela hilabete pare bat jasotako mehatxua egikaritzen ari direla dirudi”.
Auzo elkartean Groseko bizilagun guztiek tokia dutela azpimarratu dute. “Auzoaren onerako izango diren proiektuak garatzeko dago Auzo Elkartea, hori da honen funtsa”. Errespetua oinarri hartuta, bertan garatu nahi diren proiektu guztiek lekua dutela gaineratu dute. “Horregatik, eraso honek auzoa eta auzotarrak kaltetu ditu, erasotzaileak bere buruari egin dio kalte auzoaren onerako diren proiektuak kaltetzearekin batera, eta hori onartezina da”.
Lanean jarraitzeko asmoa du Hondarpek, “auzolana oinarri elkarlanerako espazioak eraikiz soilik lortuko baitugu auzo dinamiko eta antolatu bat”. Auzo elkartearen ateak zabalik daudela azpimarratu dute: “Kalean egingo dugu topo auzoa eginez!”.