Mikel Laboaren omenezko horma irudia duen plazari ere musikariaren izena jarriko diote. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du Antiguako Gorgatxo plazari Mikel Laboa izena jartzea. Pasa den maiatzean egin zuten hainbat herritarrek plazari izena aldatzeko proposamena. Udalak jaso, aztertu eta Euskara Zerbitzuak aldeko iritzia eman ondoren, iraileko udalbatzarrean onartu dute aldaketa. Plazan bertan dago musikariari eskainitako horma irudia.
EH Bilduren udal taldeak izen aldaketaren prozesua behar baino gehiago luzatu dela esan arren, erabakia txalotu du. Dena dela, Gorgatxo izena gordetzeko eskaera egin dute hiriaren toponimia zaharraren parte delako. “Ondo legoke izena beste leku baterako erabiltzea”, esan du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak.
Hiriko kale eta plazetako izen aldaketari dagokionez, beste erabaki bat ere hartu du udalbatzak. Antiguako Clara Campoamor eta Erdialdeko Aita Vinuesa plazen izenak trukatzea adostu dute udal talde guztiek.