Zuzendaria: Koldo Almandoz
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria
–Oreinaren begiek padura ikusten dute–
Koldo Almandozek bere lehen fikzioa gauzatu du, Oreina. Orain dela hiru urte bere lehen film luzea iritsi zitzaigun, Sipo Phantasma (2016), eta aipatu berri dugun fikzioa bezala, Donostia Zinemaldian aurkeztu zen. Oraingoan, Oreina filma Zuzendari Berriak sail entzutetsuan lehiatu da. Almandozen lana aspalditik ezagutzen dugunontzat, nahiko bitxia iruditu zaigu zuzendari berri bezala sailkatzea, batez ere 1998tik zinean aritu baita.
Hori bai, bere lanak film laburrak izan direnez, Borgesen antza hartu genion askok, luzera laburrean oso eroso ikusten baikenuen zuzendari donostiarra.
Sipo Phantasma aurkeztu zuenean, film laburretan azpimarragarri zen esperimentazioaren indarra mantentzen zuen, eta orain aurkeztu duen Oreina fikzio bat izango zela jakin genuenean, harridura punttu batekin jaso genuen albistea. Harridura bai, baina baita ere gogo eta ilusioa.
Almandozek sortu duen filmak ez du bere beste lanetan ohikoa den ausardia esperimentala, eta, narrazio bat denez, zuzendariaren kontaketa modu klasikoago batetik eraikitzen da. Hau ikusteak ez du Oreinaren balioa murrizten, guztiz aurkakoa, fikzioak erabiltzen dituen egitura eta gramatikak esperimentazio filmikoarenak baino estuagoak izaten baitira, eta horrek dena baldintzatzen du.
Oreinak bi anaien bakardadeak ditu kontakizunaren erdigunean, eta irudi eta soinuarekin jokatzen duenean filmak bere lekua topatzen du. Filma isiltasun eta hutsune adierazgarrietan oinarritzen da, (inguruko soinuak eta musikak sortzen dute atze-oihala) eta hitzak ez dira asko, zinearen berezko indarrak erabiltzen dituelarik.
Bi anai hauen artean etorkin bat (Laulad Ahmed) kokatzen da lokarri modura eta bere joan-etorriak izango dira metraje osoan leku batetik bestera mugitzeko aitzakia. Almandozek adibide askorekin erakusten du bakardadearen sinbolismoa, baina hobekien erabili duena istorioa kokatzen den padura izango litzateke. Protagonistak bertatik mugitzen direnean, mundutik at dagoen eszenatoki misteriotsua dirudi, pertsonaiek munduarekiko duten urruntasuna nabarmenduz. Asfaltotik hain gertu eta, aldi berean, hain urrun.
Ezin dut Oreinari buruzko testu hau amaitu aktoreen lana azpimarratu gabe. Euskal zinemaren historian hain garrantzitsu diren Patxi Bisquert eta Ramón Agirre dira bi anaiak, eta interpretazio zoragarria sortu dute, isiltasunean eta keinu minimalistan oinarrituz, asko esanez oso gutxirekin. Bukatzeko, Almandozen lan taldea aipatu nahiko nuke, denen artean filmaren estetika erakargarria sortu baitute; batez ere, Javi Agirreren argazkilaritza bikainak eta Elena Setiének eta Ignacio Bilbaoren musika egokiak.
Koldo Almandozen bidea fikzioan irekita dago, eta nahiz eta Oreinaren begiak beltzera joan daitezkeen, zabalduko al ditu berriro ere?
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea