2019ko aurrekontuan zein proiektu sartu erabakiko dute herritarrek
Aurrera darrai 2019ko udal aurrekontua osatzeko parte hartze prozesuak: Donostia guztion artean. Orain, urriaren 1etik 7 ra, donostiarrek kontsultatu ahal izango dituzte aurrekontuan sartzeko aurkeztutako proposamen guztiak, udalaren webgunean, eta 112 proiekturen artean botatu ahal izango dute. Udal departamentuek aztertutako 724 proposamenak kontsultatu ahal izango dira; gainera, bilatzaile batek aukera emango du proiektuak auzoka, arloka edo inguruka bilatzeko.
Botatzeko eskubidea izango dute Donostian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako lagunek, urriaren 8tik 21 arte, Udalinfoko postuetan, Hiri Partaidetzeko Bulegoan (Easo 43-2), eta udalaren webgunean. Partaideek derrigorrez bost proiektu aukeratu beharko dituzte. Pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du.
Aukeran jarriko diren 112 proiektuak aukeratuak izan dira, udalaren arabera, parte hartze prozesuan ezarritako irizpideak jarraituz: 2019an egin ahal izatea; hurrengo aurrekontu ekitaldietan eraginik ez izatea; udal-eskumeneko proiektuak izatea; 300.000 euroko aurrekontua izatea eta bideragarritasun azterketa gainditzea. Proposamen guztiek departamentu bakoitzaren azterketa teknikoa jaso dute. Horrela, proiektu guztiek dagokion departamentuaren arrazioak erantsita dituzte, baita proiektua garatzeko beharko den aurrekontua ere.
Ekialdeko barrutia ere bai
Horrenbestez, donostiarrek aurrekontuaren 3.250.000 euroren helmuga erabakiko dute. Diru-kopuru horretatik 1.250.000 euro bideratuko dira hiriko Ekialdeko Barrutiarekin lotura duten proiektuak aurrera eramateko. Ekialdeko Barrutiko Batzarrak Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan inbertsioen banaketa lortzeko borondatearekin, auzokako bozketen emaitzak aintzat hartu eta herritarrek ezarritako hurrenkera errespetatuz, auzo bakoitzean boto gehien jasotako proposamenak hitzemango ditu, 700.000 eurotara iritsi arte. Barrutiko Batzarrak aurrekontuaren gainerako 550.000 euroak aurrerago kide anitzeko organo honek detektatutako proiektuak lantzeko gordeko dira.