"Ahotsari eman diogu instrumentuen garrantzia bera"
Gartxot Unsain; Madeleine taldeko kidea.
Disko aurkezpen kontzertua eskainiko du Madeleine laukote donostiarrak, Guardetxean. Gogotsu daude zazpi abestiko ‘Su hura’ lana jendaurrean erakusteko, taldea berriro batu baitu.
Lau lagunek osatzen dute Madeleine: Jagoba Salvadorrek (baxua), Iñaki Benitok (bateria eta efektuak), Itzal Urangak (gitarra eta ahotsa) eta Gartxot Unsainek (gitarra eta ahotsa). Lagun arteko jaia antolatu dute gaur gauerako, eta zuzenekoaren «adrenalina» bizitzeko gogotsu daudela diote. Guardetxeko atea 20:00etan irekiko dute; Pick a bear eta Oki Moki ariko dira lehenengo; Madeleine 22:30ean igoko da oholtzara.
Hirugarren diskoa duzue, nolakoa izan da sormen lana?
Hirugarren diskoa da, bai, baina uste dut lehenengo disko baten modukoa dela. Unibertsitate garaian hasi ginen, 2008an, beste inolako kezkarik gabe, eta hogeita bost urte bete genituenean etenaldi logiko bat egin genuen, osasun arazo batzuk ere tarteko. Orain indarberrituta itzuli gara, soinua gehiago landu dugu eta sormenari garrantzia eman diogu, baita prozesuari ere. Lasaiago eta hoztasun handiagoarekin lan egin dugu, eta horrek bereizten du aurreko diskoetatik.
Noiz hasi zineten prestatzen?
Ideia batzuk badituzte lauzpabost urte, bere garaian ezin izan genituenak estudiora eraman. Badaude ere estudioan sartu eta abuztuan astebete lehenago egin genituen abestiak. Azken hiru urteetako istorioak daude, zazpi abestitan banatuak. Diskoak badu osotasun bat, baina bere barruan baditu ideia oso desberdinak.
Musika instrumentala egin duzue orain arte bereziki, berdin mantendu zarete?
Ba ahotsa izan da jendeak espero zuenetik egin dugunera dagoen alde handiena. Gure ustez talde instrumentala izan gara ia istripuz, garai hartan entzuten genuen musikaren harira. Ahotsari garrantzi handia eman diogu orain; beti izan dugu nahia ahotsa baloratzeko, baina oso puntualki sartu izan dugu. Landu ditugu asko ahotsaren melodiak, armoniak, egiturak… Gitarra, baxua eta bateriaren instrumentazioa alboratu gabe. Abestiak landuagoak dira, eta ahotsari eman diogu instrumentuen garrantzia bera.
Diskoa eskuragarri jarri duzue, ezta?
Bai, plataforma digitaletan doan lortu daiteke. Jarri dugu Badoken, Youtuben, Spotifyn, gure Sound Cloundean… Ehun kopia fisiko ere egin ditugu, eta kontzertuetan salgai jarriko ditugu. Disko fisiko gutxi egin ditugu, aurrekoen esperientziagatik; formatua zaindu dugu eta berezia egin nahi izan dugu.
Nolako erantzuna jaso duzue orain arte?
Lagun talde xume bat gara, eta ingurukoek esan digute lan biribila dela, jaso degu feedback oso positiboa. Madeleinen esentzia mantentzen dela esan digute, aldaketak egin arren, eta horrek ilusio handia egin digu. Atzean gu lauak gaudela ikusten dute, eta hortik aurrerako balorazioak gehigarriak izango dira. Gustura gaude jasotakoarekin, benetakoa dela iruditzen zaigulako.
Zuzenekorako gogotsu zaudete?
Bai, oso gustura sentitzen gara oholtzan, eta, gainera, guk antolatu dugu jaia, lagun askoren laguntzarekin. Berezia izango da, buruhauste asko sortu dizkiguna, baina mereziko du. Hurrengo asteburuan Orion eta Urretxuko Kilometroak jaian joko dugu; hurrengoan, Baionan eta Urnietan. Gero, eskaintzen arabera, saiatuko gara ahalik eta leku gehienetan jotzen.