Maguette Mbeugouren erailketa salatzeko elkarretaratzea, Bulebarrean. (Argazkia: Donostiako Feministak)
Irailaren 25ean, 25 urteko Maguette Mbeugouren gorpua aurkitu zuen Ertzaintzak, Bilboko Ollerias Altas kaleko etxebizitza batean. Zenbait orduren buruan, eraildako emakumearen senarra atxilotu zuten Mutrikun eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Basauriko kartzelara bidali zuten atzo, epailearen aurrean deklaratu ostean. Aurten, 7 dira indarkeria matxistaz Euskal Herrian hildako emakumeak.
Atzo, irailaren 27an, Euskal Herriko Mundu Martxak deituta, protestak egin zituzten Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Donostian, jende ugari bildu zen Bulebarrean, eta ‘eraso sexisten aurrean, elkartasun feminista’ zioen pankarta erakutsi eta borroka feministaren ikur diren bandera moreak astintzeaz gain, Donostiako mugimendu feministako kideek Euskal Herrian urte honetan indarkeria matxistaz eraildako emakumeen hilotzak irudikatu zituzten lurrean.
Donostiako mugimendu feministak, azken erailketak “indarkeriaren aurkako neurrien hutsuneak azaleratzen” dituela salatu du sare sozialetan. “Ez dira modu isolatuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da. Bikotekidearen aurkako salaketa bat ipinita zegoen Udaltzaingoan baina ez zuen ekarri babes agindurik” adierazi dute Mbeugouren erailketaren harira. Egiturazko indarkeria matxistaren aurrean “agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa” dela baieztatu dute. Politikariei “apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak” direla gogorarazi diete.
Era berean, Juan Luis Ibarrak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak Bilbon labankadaz hildako emakumearen kasua «justiziaren porrot erabatekoa» izan dela aitortu zuen.