(Argazkia: Donostiako Udala)
Easo kaleko 41. zenbakian dago Udalinfo herritarren arretarako bulego berria. Goiz eta arratsaldez egongo da irekita, astelehenetik ostiralera. Goizetan, 9:00etatik 14:00etara, eta arratsaldetan, 16:00etatik 18:00etara.
Eneko Goia alkateak eta Juan Ramon Viles Gardentasun zinegotziak inauguratu dute bulegoa. “Kokaleku berri hau da herritarrentzako bulego nagusia, Udalinfok zerbitzu integrala, gertukoa eta kalitatezkoa eskainiko duena. Bulego honekin beste urrats bat egiten dugu herritarrentzat leihatila bakarra lortzeko bidean”, esan du Goiak.
Udaltzaingoaren egoitza zaharrean egokitu duten bulegoak 200 metro koadro ditu. Hain zuzen, egokitze lanek 115.000 euroko kostua izan dute. Herritarrei arreta eskaintzeko hamar postu ditu, eta zerbitzu orokorrekin batera tramite desberdinak egin ahal izango dira bertan. Esaterako, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Mugikortasuneko gaien inguruko laguntza teknikoa jasoko dute herritarrek.
“Berritasun gisara errolda, ezkontzen erreserba eta Artikutzara joateko izapideak bezalako udal tramite arruntak egiteaz gain, beste hauek ere egin ahal izatea: bide publikoan ibientzako erreserba, taxi baimena edo ur-kontagailuen irakurketa”, azpimarratu du Goiak.
Udaletxean, Morlansen eta Altzan dauden Udalinfo guneek, berriz, zerbitzua goizez bakarrik ematen jarraituko dute; astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara. Era berean, herritarrek Udalinfok eskaintzen dituen bestelako bideak erabiltzen jarrai dezakete: udalaren webgunea, 010 telefonoa eta herritarren postontzia.