Irutxuloko Hitza, berritua
Formatu eta diseinu berria izango du Irutxuloko Hitza astekariak. Donostiako berriei aire berri bat eman diete, irakurleentzat erakargarriago egiteko. Orain artekoa baino txikiagoa; neurri aldaketaren helburua da irakurleek lasai eta patxadaz irakurtzeko aukera izatea, eta edonora eraman ahal izatea. Tamainaz txikiagoa izango da, bai, baina eduki aldetik mamitsuagoa. 16 orrialde izatetik 32 izatera pasako da. Ostiralean, urriaren 5ean, estreinatuko du argitalpen berritua.
Diseinua ere arinagoa izango da, irudiari garrantzia handia emango dioena, argazki handi askorekin. Astez aste, Joseba Parron argazkilari donostiarrak egingo du astekariaren azaleko argazki nagusia.
Betiko esentzia mantendu asmoz, orain arteko atalak mantenduko diren arren, atal berri asko izango ditu astekari berrituak. Egunotan iragarriko ditu webgunearen bitartez.
Hainbat kolaborazio berri ere izango dira aurrerantzean, herritar eta eragileek Irutxuloko Hitzan duten garrantzia nabarmentzeko asmoz, eta hauek hedabidearen parte aktibo izateko helburuarekin. Besteak beste, euren tartea izango dute Klitto! atari digitaleko lagunek, Haritzalde naturzaleen elkarteak, Zinea.eus atariko kideek, eta Bagera Donostiako Euskalzaleen Elkarteko kideek.