Ontzi Museoaren kanpoaldea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ontzi Museoan erosotasuna eta irisgarritasuna hobetu nahi dituzte; eta obrak egiteko, museoa itxia egongo da otsailera arte. Hainbat aldaketa egingo dituzte, igogailu bat jarriko dute, eta, aldi berean, berrantolatuko dituzte ganbarako erabilerak eta espazioak, erakusketarako azalera handituz. Gainera, museoaren gainerako dependentziak eguneratuko dituzte: harrera berrantolatu, komunetarako irisgarritasuna hobetu, altzariak… Aurrekontua 350.000 eurokoa da.
Museoko zuzendaritza taldea aldatu egin zuten 2017ko uztailean; ordutik Raul Perez da museoko zuzendaria eta oso pozik dago: «Lortzen ari gara bultzada berri bat ematea museoari; jende gehiagorengana iritsi gara eta erakargarri turistikoa bihurtu da. Erakusketa eta arlo didaktikoa indartzen ari gara, eskaintza dibertsifikatuz, eta gure itsas ondare eta historia garrantzitsua zabaltzen”. Azaldu dutenez, bisita kopuruak %60ko igoera izan du 2017 urtearekiko, eta %92ko igoera udako hilabeteetan. Perezek nabarmendu du egiten ari direla ikerketa eta dibulgazio lan handi bat
Nao Victoria ontziaren inguruan, eta Elkanok egindako lehen mundu itzuliarekin zerikusia duen guztiarekin.
Kultura jarduerei dagokienez, kultura proiektu trinko bat garatu dutela diote, ekoizpen propioko eta formatu desberdinetako hamar erakusketa proiekturekin. Guztiek dinamizazio jarduerak izan dituzte: 76 lantegi eta 18 hitzaldi. Denis Itxaso Kultura diputatua pozik dago museoaren jarduerarekin: «Kultura proposamen trinkoak eta komunikazio ekintzen bultzakadak hobekuntza nabarmena ekarri du bisitariei dagokienez, aurreko urteekiko».
Kultura dinamizatzeko jarduera ugari burutu dituztela ere nabarmendu dute: liburu eta disko aurkezpenak… Museoaren jardueraren txostena (2017ko uztaila-2018ko iraila) ikusgai dago
Museoaren webgunean.