Erraustegiaren aurkako manifestazioa egingo dute urriaren 27an
Zubietako erraustegiaren proiektuaren etetea eskatzeko asmoz manifestazio bateratua egingo dute Donostian urriaren 27an. Deialdia egin duten eragile desberdinek aurkeztu dute gaur egitasmoa, goizean udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. Hain zuzen, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Gurasos, Osasuna eta Ikerketa Mediku Taldea, ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, Eguzki, Ernai, Gipuzkoa Zutik, Greenpeace eta No + Precariedad dira manifestazio bateratuan parte hartzera dei egin dutenak.
Jarraian antolatzaileek goizeko agerraldian irakurri duten adierazpena:
Gaur, Gipuzkoako hainbat eragile elkartu gara. Herritarroi mobilizazio jendetsu baterako deialdi bateratu bat luzatzera gatoz. Helburua: Gipuzkoako erraustegia gelditzeko eskatzea.
Gizartea anitza da eta deialdi hau ere horren lekuko. Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditu, eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoi asko eta anitzak daude. Baina aldarrikapenean, deitzaile guziok bat egiten dugu. Talde bakoitzak bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean; ingurumena, osasuna, ekonomia, jasangarritasuna, demokrazia, etorkizuneko Europaren bideari eta ekonomia zirkularrari eustea… Baina bada arrazoi bat gizarte osoak partekatu dezakeguna: Garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposaketarik onartzen ez dugulako, sinatutako kontratuari ez! Osasuna, ingurumena eta herritarren interesak lehenetsi! Erraustegia gelditu orain! Kontratua eten!
Horregatik guziagatik, eta agintean daudenak, herritarron nahia kontutan izan behar dutelako, aldarrikapen hau ozen entzun dadin, gaur hemen batu garen taldeok, hots Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, Eguzki, Greenpeace, ERNAI, ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, STEILAS, HIRU eta “No +Precariedad”-ek, urriak 27, larunbata arratsaldeko 17:00etan, Donostiako Mendeurren plazatik abiatuta, “Erraustegia gelditu!” lemapean manifestazio baterako deia zabaltzen diegu herritar guziei.
Azken urte honetan, 2018an, eta arrazoi ezberdinak tarteko (osasuna, ingurumen baimenak, jasangarritasun ekonomikoa, legediaren errespetua, …), atzerriko herrialdeetan, gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte. Eta estatu mailan beste 4.
Hemen ere posible da eta oraindik garaiz gaude! Gure etorkizunak eta ongizateak merezi duelako, gipuzkoarrok kalera atera behar dugu, erraustegia gelditu! Exigitzera.