Betiko merkatuak izango duen itxura berria. (Grafikoa: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Bretxa eta inguruan berritzeko plan berezia. Era berean, lehen lanekin hasi direla jakinarazi du Eneko Goia alkateak. “Eraikinaren barrualdea husten hasi dira”. Betiko merkatuari garrantzia emango diotela gaineratu du alkateak, eta auzoarentzako ekipamendu berriak egingo direla. Hala nola, osasun etxea eta kirol instalazioa.
Plan bereziaren arabera, betiko merkatua Parte Zaharreko Arraindegia eraikinaren arrasera eramango dute. 2019ko urte bukaerarako merkatuak kokapen berrian egotea aurreikusten du udalak. Horrekin batera, baserritarren postuak ere lekuz aldatuko dituzte; San Juan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldeko aurrealdera pasako dira. Baserritarren postuen leku aldaketa hurrengo urteko udarako prest egotea espero du udalak.
Arrandegia eraikina osasun zentro batek eta kirol instalazio batek osatuko dute. Zerbitzu publiko berriak izango dira eta eraikinaren lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan kokatuko dira.