"Bizirik sentitu nahi dut aktore gisara ere"
Une gozoa bizi du Ane Gabarain aktoreak (Gros, 1963). Antzerkian, telebistan, zineman zein bikoizketa alorrean lanik ez zaio falta. Alli Abajo telesailaren arrakasta gertutik ari da bizitzen, eta ETB2 kateko VPO telesail berria estreinatu du. Iraila lanpetuta pasa du eta datozen hilabeteetan ere agenda bete samarra dauka. Dena dela, denbora hartzen du Donostiako bere gustuko txokoetatik paseatzeko.
Zer moduz zabiltza?
Denbora dudanean zinemara joatea gustatzen zait, paseatzera, lagunekin elkartzea eta auzoan taberna giroan ibiltzea. Bizitza arrunta daramat; egia esan, aktoreak arruntak gara.
Aktore baten bizitza nolakoa da ba?
Bizitzeko bi modu daude. Lanean ari den aktorea eta langabe dagoena. Zoritxarrez langabezia ikaragarria dugunez, lanean ez dabilen aktore baten bizitza beste langabe baten parekoa da. Lan egiteko zortea baduzu, eta bolada ona topatzen baduzu, egunerokoa bestelakoa da. Adibidez, entseguak izaten ditugu eta grabaketak telebista zein zinemarako. Ordea, bada berezitasun bat. Antzezlan baten funtzioak ditugunean, normalean asteburutan izaten dira. Orduan jende arruntaren asteko antolaketaren kontrako norabidean mugitzen gara. Planak egiteko zailtasunak ditugu, eta oporrekin berdin.
Beraz, lanean dauden aktoreen artean zaude.
Irailean lan asko egitea egokitu zait. Horrelakoa da gure bizitza. Bat-batean lan asko izaten dugu. Lau eta sei hilabete artean egon gaitezke lanik egin gabe, eta horrelako batean dena batera dator. Batzuetan eskaintzei ezezkoa eman behar izaten diezu, eta horrek asko amorratzen dit. Tira, nik ia denari baiezkoa ematen diot. Nire aktore estatusa ez da aukerei ezetz esateko modukoa.
Aktore izatea zure txikitako bokazioa al da?
Bai, eta eskolan konturatu nintzen ikasturte bukaerarako prestatu genuen antzerki inprobisatu eta zoro batean. Oso gustura sentitu nintzen nire gelako tarima horretan.
Familian izan duzue antzerkiarekiko zaletasunik?
Nire amak badu sena. Txikitatik oso ondo abesten du, eta betidanik izan du joera antzerkiarekiko. Baita nire aitak ere. Bestalde, nire anaia Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria da, eta nire ahizpa telebista zein zinemako makillatzailea. Batzuetan egokitu zait ahizparekin batera lan egitea.
Antzerti eskola da zure aktore ibilbidearen abiapuntua. Zer nolako garrantzia izan du zuretzako?
Alde erromantikoa indartu zuena da. Nire sintonian zeuden pertsonekin topo egin nuen. Besteak beste, Klara Badiola, Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Eneko Olasagasti, Ramon Agirre, Karlos Zabala, Kontxu Odriozola eta Mikel Garmendia. Lehen bi belaunaldiak oso onak izan ziren. Guk zorte handia izan genuen eskola sortu berria zelako. Irakasle oso onak izan genituen. Baina zoritxarrez, eskola pikutara joan zen.
Gogoan duzu zure lehendabiziko antzezlana?
Nik uste dut kale antzerkia izan zela, Herrerako antzerki talde amateur batekin. Andoni Alemanek zuzendu zuen, eta Antzerti eskolan sartu aurretik izan zen. Profesional gisara, Troiarrak izan zen lehen antzezlana. Bi bertsiotan egin zen, euskaraz eta gaztelaniaz. Ondoren, eskolan ibilitako hainbatek Bederen Bat antzerki taldea sortu genuen, euskal konpainien aitzindarietako bat izan zena.
Noiz konturatu zinen aktore ogibidea egin ahal izango zenuela?
Antzerkiaren bidez ikusi nuen posible zela. Esan bezala, Bederen Bat konpainia sortu genuen, eta antzezlanak eskaintzen hasi ginen.
Bikoizketa ere egiten hasi nintzen garai hartan. Gazteak ginen eta ilusioa genuen dena egiteko. Ez genuen planteatu horretaz bizi ahal izango ginenik. Ez genuen asko behar. Profesional gisara lan bat beste batekin kateatzen hasi nintzen antzerkian, bikoizketan eta baita ere telebistan. Batez ere, Bi eta Bat telesaila egitea garrantzitsua izan zen.
Hain zuzen ere, ‘Bi eta Bat’ telesaileko Jaioneren pertsonaia presente dago eskaini dituzun elkarrizketa gehienetan. Zergatik ote da?
Harrera bikaina izan zuelako telesailak, eta baita ere Jaioneren pertsonaiak. Euskal Herrian egin zen euskarazko lehen sitcom telesaila izan zen. Jende guztia erakartzeko osagaiak zituen: euskalduna, pertsonaia xelebreekin, gertukoa eta ondo zaindua. Asko erabili zen euskaltegi zein eskolatan euskara ikasteko.
Nola iritsi zitzaizun telesailean parte hartzeko aukera?
Gogoan dut antzezlan bat egiten ari nintzela proposatu zidatela. Eneko Olasagastik eta Karlos Zabalak esan zidaten proiektu bat zutela: «Telebistan aurkeztu behar dugu, ez dakigu aterako den», aipatu zidaten. «Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta zu izango zarete hiruko protagonista», gaineratu zuten. Telebistak baiezkoa eman zuenean sekulako poza hartu nuen.
‘Jaun eta Jabe’, ‘Maite’, ‘Goenkale’ eta beste hainbat telesailetan parte zenuen gerora. Zer nolako ekarpena egin zizuten profesionalki?
Nik ofizio handia hartu nuen telebistan lan eginda. Dena azkar egin behar da, denbora gutxian eta ondo. Ikaragarri ikasten da erritmo horretan. Periodistas telesailean izandako esperientzia azpimarratuko nuke. Espainia mailako nire lehen lana izan zen, telebistan. Globomedia ekoiztetxearen telesailak arrakasta izan zuen, egun pentsaezinak diren audientzia izan zituen. Asko ikasi nuen.
Aktore gisa garapen bat izan duzula uste duzu?
Bi sentsazio ditut. Batetik asko ikasi dudala, lan asko egin dudalako. Horrek ofizioa eman dit, gaitasuna edozein lanetara egokitzeko. Bestetik, beti pertsonaia berdinak egiten nabilela pentsatzen dut, ohitura berdinekin. Askotan pentsatzen dut horretaz. Asko gustatzen zait antzerki ikastaroetara joatea. Pisuzko norbait etortzen bada tailer bat eskaintzera, saiatzen naiz izena ematen. Oso ondo datorkit. Behar ditut horrelakoak. Aktoreak erosotasunean erortzen gara sarritan, eta batzuetan astindu bat behar izaten dugu interpretazio aldetik hobetzeko. Gustatzen zait bertigo sentsazio hori; ikastearena. Bizirik sentitu nahi dut aktore gisara ere.
Zerk lagundu dizu bereziki aktore ibilbidean antzerkiak, zinemak edo telebistak?
Hiruek lagundu didate. Gehien egin dudana antzerkia eta telebista dira. Asko ikasi dut bien bitartez. Zinema, berriz, teknikoki zailena iruditzen zait. Teknika duten aktoreek inbidia ematen didate. Markan jartzea, naturaltasuna kamera aurrean, lehen plano bati eustea eta abar. Oso zaila iruditzen zait. Ez dut ofizio handirik zineman, parte hartu izan dudan arren. Tira, oinarrizko gauzak ezagutzen ditut.
‘Alli Abajo’ telesailak lan asko eman dizu azken urteetan. Nola daramazu?
Nork pentsatuko zuen horrelako arrakasta izango zuenik. Bosgarren denboraldia grabatzera goaz. Duela lau urte hasi ginen. Hasieran bost atal grabatu genituen, gero zortzi, hamahiru eta ematen hasi orduko bigarren denboraldi bat egitea erabaki zuten; sekulako arrakasta izan zuen. Hirugarren eta laugarren denboraldien ondoren, bosgarrena egiteko zalantzak sortu ziren. Baina azkenik beste zortzi edo hamar atal egingo dira. Hori bai, laburragoak izango dira, 50 minutu ingurukoak. Gidoigileak aldatu dituzte, eta pertsonaien artean ere aldaketak egongo dira. Hasiera batean aktore taldean nagoela esan didate. Asmoa da azaroa erdialdean grabatzen hastea.
ETB2ko ‘VPO’ umorezko telesailean zabiltza, une honetan. Ideologia desberdina duten bizilagunen arteko xelebrekeriak kontatzen ditu, ezta?
Horrela da, bai. Ea zer nolako harrera izaten duen. Bost atal izango ditu, eta erantzunaren arabera ikusiko da jarraipenik ote duen. Orokorrean audientziak asko jaitsi dira, eta asko aldatu da telebista kontsumitzeko modua. Ikusiko dugu.
Antzerkian eta zineman proiektu berriak dituzu?
Bi antzezlanetan nabil, biak Txalo konpainiarekin. Pasa den Aste Nagusian Zoaz pake santuan obra estreinatu genuen Mikel Laskurainek eta biok. Iazko Aste Nagusian ere Etxeko saltsak antzezlana aurkeztu nuen Aitziber Garmendia, Aitor Fernandino eta Laskurain berarekin. Bi obren emanaldiak ditugu lotuta udazkenerako.
Zinemari dagokionez, Agur Etxebeste! filmean parte hartu dut. Udal idazkariaren papera egiten dut, eta nire grabaketak Bergaran egin nituen. Aktore askoko sekuentzia ugari daude, eta ederra izan da horietan parte hartzea. Baina, batez ere, polita izan da Elena Irureta, Aizpea Goenaga eta Ramon Agirre aktoreekin elkartzea. Oso ondo pasa dugu.
Bukatu berri den Donostiako?Zinemaldian Ramon Agirrek Zinemira saria jaso du. Berarekin lan egindakoa zara. Nolakoa da bera?
Oso elegantea da. Ez du sekula ezer gaizki egingo. Edozein generotan ondo moldatzen da. Komedia egiteko modu bereizgarria da; elegantea. Duen ezaugarri hori asko gustatzen zait. Lanen bat eskaini eta Ramon proiektuaren parte dela esaten badidate, baiezko biribila emango nuke.
Pasa da Zinemaldia, eta nola ikusten duzu hiria?
Aurretik zegon bezala. Bizitzeko hiri atsegina da, polita eta oso garestia. Nik uste dut burbuila batean bizi garela. Donostiarrismoa ikusten dut. Tarteka hiritik ihes egiteko beharra izaten dut. Batzuetan txikia eta aspergarria egiten zait. Halere, beti gustatzen zait nire etxera itzultzea.
Kultur plaza izateari eutsi dio?
Gero eta aukera gehiago daude. Hazten ari da. Baina kezkatuta nago, hiria oso turistikoa bihurtzen ari delako. Ez dakit ez ote duen horrek kultura jango. Adibidez, Sevillan gertatzen ari da. Horren hiri turistikoa bihurtu da, turismoak kultura jan duela. Gauzak turismoari begira egiten ari dira.
Turismoarekin kezkatuta zaude, beraz?
Nik uste dut turismoa ona dela, baina erregulatu behar da. Bestela donostiarrek ospa egin beharko dugu. Prezioetan nabaritu dut, besteak beste.
Hirian beste aldaketarik nabaritu duzu?
Hiria bera ere aldatu da. Lehengoan portutik paseatzen, nola aldatu den konturatu nintzen. Nautikoa, portua hankaz gora eta lonja obretan. Pentsatu nuen, zahartzen ari nintzela. Nostalgia puntua ematen didate ematen ari diren aldaketek.
Donostia gustuko duzulako izango da.
Baliteke, bai. Hiriko txoko batzuk asko gustatzen zaizkit. Urgullera joatea, Uliako bideetan ibiltzea eta Urumea ibaiaren ondotik paseatzea gustuko dut.