"Guardiako farmazia baten modukoa naiz; 24 orduz egiten dut lan"
Duela hamalau urte hasi zen telebistan lanean. Egun, ‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saio arrakastatsuaren gidoilari eta aurkezlea da. Igandean hasiko da bosgarren denboraldia. Irutxuloko Hitzaren ‘Hamabietan bermuta’ ataleko lehen protagonista da; bere taberna gustukoenera eramateko eskatu diogu, eta han elkarrizketatu dugu.
Zergatik ereman gaituzu Teorema tabernara?
Nire bizitzako ordu asko ematen ditut hemen. Bezeroa oso ondo zaintzen dute, eta hori Donostian azpimarratzekoa da. Edari onak dituzte eta prezioak ere ez dira oso altuak.
Berezia da niretzat. Duela hamalau urte hasi nintzen etortzen. Ikus-entzunezkoen munduan hasi nintzen Nagore Aranbururekin, bera izan zen nire irakaslea, eta hemen geratzen ginen gidoiak idatzi eta beste gauza asko eztabaidatzeko.
Azkenaldian jende asko dabil…
Orain asko kostatzen da mahai bat lortzea terrazan! Garai hartan, auzoko taberna bat zen, eta ez zegoen egun dagoen hype-rik. Zorionez, bezero gehiago dituen arren, bere estiloa eta nortasuna mantentzen ditu. Gainera, jabea, Jano, oso gogoko dut; Urrezko Danborra merezi du.
Zer da zuretzat taberna on bat?
Berezitasun hauek behar ditu: tratu ona, edari onak, lasaitasuna eta aglomeraziorik ez izatea. Jende asko badago, garrafoia ematen badute eta jendea bultzaka hasten bada… ni etxean geratzen naiz. Nahiago dut taberna lasai bat, terraza batekin; bigarren etxe baten modukoa izatea gustatzen zait. Horregatik, gauean baino gehiago, arratsaldean joatea gustatzen zait. Gaua, nire ustez, gazteentzako edo banpiroentzako da [barrez]. Halere, Donostian eta inguruan koktel tabernak falta direla esango nuke… Eskaera bat egin nahi dut: Eneko Goia, entzun! Hotel gutxiago, eta koktel taberna gehiago!
Tabernak leku onak al dira sormenerako?
Egia esateko, Miramongo bulegoak ez dira oso aproposak. Batzuetan bero gehiegi, beste batzuetan hotza, aire egokituarengatik… Eta tabernak, ba bilera edo brainstorming bat egiteko agian bai, baina idazteko, etxean hobeto.
Gidoiak idazteko ideiak eman dizkizute?
Jendea behatzeko eta ideiak hartzeko leku onak dira tabernak. Belarria luzatzea eta ingurukoen solasaldiak entzutea gustatzen zait, gehiegi sartu gabe e. Eta edan ahala nola aldatzen diren ikustea, likantropia hori ikustea, bitxia da.
Zure burua beti ari da lanean?
Guardiako farmazia baten modukoa naiz. 24 orduz egiten dut lan, buruari bueltak ematen. Pixkanaka atseden hartzen ikasten ari naiz, hirugarren whiskeytik aurrera [barrez].
Zure Instagram kontua edariz beteta dago…
John Ford naizela dirudi [barrez]. ‘Honek bakarrik alkohola jartzen du’, pentsatuko dute askok. Hobe ondo eta gutxi edatea, asko eta kalitate txarrekoa baino. Egia esan, oso koktel onak prestatzen ditut, tabernetan probatzen ditudanak etxean ere egitea gustuko dut. Baina badakizue, modu arduratsuan edan!
Sare sozialetan ere oso aktiboa zara.
Laborategi moduan erabiltzen ditut, umorearekin esperimentatzeko eta txisteak probatzeko. Adarra jotzea gustatzen zait.
Lanean nolakoa zara?
Nahiko perfekzionista eta maniatiko samarra naiz. Buruan dauzkadan ideiak idaztea lortzen dudan arte ez naiz aulkitik mugitzen. Lan egiteko ez dut edaten, e? Hori soilik Edgar Allan Poeri ateratzen zitzaion ondo. Deskonektatzeko edaten dut.
‘Herri Txiki, Infernu Handi’ saioaren bosgarren denboraldia estreinatzera zoazte. Zein da arrakastaren formula?
Nahiz eta beti egitura berdina izan, herri desberdinak agertzen dira. Jendeari gustatzen zaio jakitea jendea herrietan nola bizi den. Turismo eta antropologia pixkat egiten dugu, modu umoretsuan.
Zuk zerrekin egiten duzu barre?
Nik lagunekin eta gauza sinpleenekin egiten dut barre. Kalean norbait erortzen bada, edo eztulka hasten bada eta patata zati bat ateratzen bazaio ahotik, esaterako.
Ibilbide luzea egin duzu Euskal Telebistan. Non sentitu zara gusturago?
Lan egin dudan toki guztietan, erosoago sentitu naiz kameraren atzean, gidoiak idazten. DBHn, esaterako, Nagore Aranbururekin batera gidoiak idazten gogobeteta sentitu nintzen; baita Diego San Joserekin egin ditudanetan, eta Herri Txikin. Egia esateko, gehiago idatzi nahiko nuke, denbora gehiago izan horretarako.
Zergatik ez dago euskarazko fikziorik Euskal Telebistan?
Fikzioa garestia da, hori argi dago. Baina beste gauzetarako dirua dagoen bezala, honetarako ere dirua egon beharko luke. Uste dut oso sanoa dela euskarazko fikzioa egotea.
Anjel Alkainen ondorengoa al zara?
Bakoitzak bere momentua duela uste dut. Nik asko eskertu behar diot Alkaini, lehen aukera eman zidalako. Alkainek freskotasuna eman zion euskal umoreari, eragina izan zuen. Nahiz eta gure estiloak desberdinak izan, beti eragiten diogu elkarri.
Nola imaginatzen duzu etorkizuneko telebista?
Txip bat sartuko digute burmuinean! [barrez] Sekulako goradaka izan da azken bi urteotan, eta ez dakit eskaintza hau iraunkorra izango den. Profesionalentzat lan handia dago, baina ez dakit… Estres bisual handia dago. Nik horrenbeste produktu ezin ditut barneratu. Zinemaldian egun bakarrean bospasei film ikusten dituzten horiek bezala! Eskaintza masibo hau ez dakit oso iraunkorra izango den. Espero dut urak bere onera etortzea.
Pentsatu duzu inoiz kanpora joatea lanera?
Behin baino gehiagotan. Izan ditut eskaintza batzuk, baina egonkorrenak hemen izan ditut, eta hemen lan egitea erosoagoa da. Baina aukera suertatzen bada, joango naiz.
Telebista saio bat egiteko askatasun osoa izango bazenu, zer egingo zenuke?
Euskal Herriko mito eta kondairei buruzko saio bat egingo nuke gustura. Proiektu bat aurkeztu genuen, eta uste dut egunen batean egingo dugula.
Zer ikusten duzu telebistan?
Nekatuta baldin banago ihesbide bat bilatzen dut, baina ezer zaratatsurik ez. Late night formatua asko gustatzen zait, baina ez berbena bat diruditen saioak e! La Resistencia, adibidez, asko gustatzen zait.
Zenbat diru daukazu kontu korrontean?
Jakingo bazenu, hankaz gora geratuko zinateke! [barrez].
‘GIN-TONIC TXIKIA ETA PATATAK’
TEOREMA TABERNA. Non: Zabaleta kalea, 1. Prezioa: 6,50 euro.